Kirola kalean, osasun betean
10.000 biztanletik beherako hamasei herri ari daude ekimena lantzen, tartean Mundaka, Gautegiz Arteaga eta Ondarroa. Mundakan martitzenetan batzen dira, eta beste bi herrietan, berriz, eguenetan. Udalerri horietan zortzi jardunaldi egingo dituzte, apirilean eta maitzean, Harrobiako teknikariekin. Bizkaiko adineko pertsonen artean parke osasuntsuak ariketa fisikorako erabiltzea sustatzeko helburua du aldundiak. Ordubete astean Astean egun batez parke osasuntsuetako soinketa makinak nola erabili ikasten ari dira. Asmoa da doako saio horietan barneratutakoa egunerokotasunean lantzea. “Gugaz ikasten dutena euren kabuz praktikatzea lortu gura dugu”, azaldu du Naiara Artetxe Harrobiako teknikariak. Artetxek eta Marta Bareak daukate Mundakako saioen ardura. “Parke osasungarriak bultzatu gura ditugu; ariketa fisikoa kalera ateratzea”, nabarmendu dute. Ekimenak izandako erantzunagaz pozik daude, izan ere, bizkaitar asko animatu dira. Mundakan, esaterako, hasiera batean dozena bat bizilagunek eman zuten izena, baina, dagoeneko, hamasei mundakar biltzen dira martitzeneroko hitzorduan. “Ahoz ahoko informazioak eragina eduki du, eta ezagunen bat dagoela ikusita animatzen dira asko. Berrizen, adibidez, zazpigaz hasi ginen, eta bigarren saioan beste hamabi etorri ziren”, zehaztu du Bareak. 60 urtetik gorakoentzat prestaturiko saioak dira, eta belaunaldi desberdinetako gizon-emakumeak daude. Mundakan denak dira andrazkoak, momentuz ez da gizonezkorik animatu, baina beste udalerri batzuetan badira gizonak: “Gehienetan emakumezkoak bakarrik daude, baina Berrizen zortzi gizon ditugu, eta Iurretan ere badaude batzuk. Asko ezjakintasunagatik eta lotsagatik ez dira ausartzen, baina denak animatzen ditugu”. Gaitasun froga Itxaropena kalean, Lamera Txikian dago parke osasungarria. Giharren luzaketak, oreka, erresistentzia, indarra, arnasketa… lantzen dituzte. Hain zuzen ere, kirola modu osasuntsuan egiteko ezinbesteko elementuak barneratu eta praktikan jartzen dituzte. Halaber, lehen saioan partaideen gaitasun fisiko maila ikusteko froga bat egin zuten, eta maiatzeko azken saioan berriro egingo dute, hobekuntzarik igarri duten frogatzeko. Asmoa horixe baita, saioz saio hobetzea. “Lehen egunean oreka aldetik nola dabiltzan ikusteko ariketak egin genituen, zer nolako elastikotasuna duten atzeko katean ikusi, erresistentzia landu eta dinamometroagaz eskuen indarra neurtu genien”. Lehenengo hartu-emanean makina bakoitza zertarako den eta zelan erabili behar den ikasi dute. Luzaketekin hasi eta amaitze dituzte saioak, eta tartean aritzen dira makinetan. Mundakan parte hartzen ari diren herritarrak oso gustura eta pozik daude. “Ondo egoteko, osasuntsu egoteko kirola egitea oso garrantzitsua da”. Gainera, ia denek lehenagotik ere bestelako kirolak egiten dituzte. Esate baterako, yoga, pilates edota mantenimentuko gimnasia praktikatzen dute askok. Mundakan Mari Tere Vesa da denen artean zaharrena: “88 urte ditut, eta mantenimentuko gimnasiara ere joaten naiz”. Umorea ere ez dute falta, eta ariketak lantzen dituzten bitartean, kontu-kontari aritzeko astia ere badaukate. Gustura daudela eta ondo pasatzen dutela igartzen zaie.“Aldundiak adinekoek parke osasuntsuak erabiltzea sustatzeko helburua dauka”
Pozik ari dira ariketak egiten, eta irakasleekin ere berehala hartu dute konfiantza: “Txantxa asko egiten ditugu, baina serio hartzen dugu saioa; gainera, bikini operazioa egiteko balio digu”, diote barre algara artean. Zahartzaro aktiborako, besteak beste, kirola elementu garrantzitsua da, eta hori ondo dakite parke osasuntsuen erabiltzaileek. Ondo sentitzeko burua eta gorputza zaintzea ezinbestekoa dela azpimarratu dute. Adinekoen artean gero-eta kirol gehiago egiten dela ikusi dute euren jardunean Harrobiako kideek. Goraldia nabaritu izana seinale ona dela diote, baina, hala eta ere, zenbaitetan hutsuneak daudela uste dute: “Kirola egitea modan dagoela esan liteke, eta hori oso ondo dago, hala ere, esaterako, askok esaten dute ‘ibiltzera goaz’, baina artikulazioko ariketak egitea ere garrantzitsua da, eta giharrentzat beharrezkoa”.“Bizkaiko hamasei herritan ematen dituzte doako saioak Harrobiako kideek”