Hamazortzi eskoletako 75 ikasle batu ziren Euskal Confintean
Aurten ere, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 18 ikastetxetako
75 ikaslek hartu zuten parte eguaztenean, Busturiko Euskadiko Biodibertsitate Zentroan-Madariaga Dorretxean egin zuten
Euskal Confintean (Nazioarteko Gazteen Konferentzia). Iazko jardunaldian bezala, Bermeoko Sagrado Corazon ikastetxeko ikasleak bertan izan ziren, Busturialdeko ordezkari gisa.
Planetak jasaten duen krisiaren aurrean,
gazteen konpromisoa eta erantzukizuna bilatzen duen nazioarteko gazteen konferentzia da Confint. Urtero antolatzen da Euskal Confint Busturiako Madariaga Dorretxean, ikastetxe ezberdinetako ordezkariek osatutako lan talde handi batekin.
Egun osoko plangintza izan zuten eguaztenean gazteek, gure mundua nola zaindu daitekeen aztertzeko
tailer eta aurkezpenen bidez. Jardunaldia hasteko Europako Confintaren aurkezpena egin zuten bertaratutakoek. Ondoren, ikastegi bakoitzeko ordezkariek, urtean zehar egindako lana aurkeztu zuten.
Hasierako ekitaldi hauen ostean, bertaratutako ikasleak taldeetan banatu eta ikusitakoari buruzko
hausnarketa bat egin zuten, ondorioak ateraz. Goizean zehar, poster pankarta, bertsoak, prentsa tailerrak eta koreografia bat ere prestatu zituzten gazteek. Osoko bilkuran egindako tailerren aurkezpenean,
Sukarrietako Eskola Saiakuntzarako Zentrotik etorritako ikasleek, airera jaurtitzen ditugun CO2 emisioak kalkulatzeko aurkezpena ere egin zuten. Aurkezpenen bukaeran, Sukarrietako ikasleek, ikastetxe bakoitzari lizarren, ereinotzen eta arteen plantoi bana eman zizkieten, beraien ikastetxean landatzeko
Sukarrietako Ingurumen Hezkuntzako Zentroan, egonaldia egiten ari diren Rekaldeberri DBHIko eta Zalla BHIko ikasleak ere bertan izan ziren. Gazteek astean zehar garatu duten
Ura, Lurra eta Basoa proiektuan ikasi dutena azaldu azaldu zuten baita, eta bertaratutakoei hobetzeko ideiak ere aurkeztu zizkieten.
Ekainaren 4an eta 5ean, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna izateaz gain, Busturiko Euskadiko Biodibertsitate Zentroaren urteurrena ere bada, hori dela eta, Gobernu Kontseilua batuko da Madariaga Dorretxean, Urkullu lehendakaria barne. Ikasleek Confinten egindako gutuna helaraziko diote lehendakariari, beraien hitzak ere kontutan har ditzan.
Euskal Confint prozesuaren helburua eskolen artean planeta zaintzeko sare bat bultzatzea da. Horregatik Eskola Agenda 21 programan sartutako Eskola Jasangarria agiria lortutako ikastetxeek –
IRAES sarea–, hartzen dute parte. Urtero antolatzen duten ekintza honetan ikastetxe eta adin desberdinetako gazteek ingurumen arazoak ekiditeko ideia eta konpromisoak trukatzen dituzte, martxan jartzeko asmoarekin. Estatu mailan egiten den Confintera joago den gaztea ere aukeratu zuten.