Euskal kofradiek barikuetan arrainik ez saltzea erabaki dute, behin-behinean
Neurriagaz kofradiek antxoa kostera zer edo zer luzatuko dute. Hilabetean kuotaren %66 baino gehiago arrantzatu dute. Asteon 881 tona antxoa deskargatu dituzte OndarroanAntxoaren kostera luzatu nahian, barikuetan arrainik ez saltzea erabaki dute euskal...
Neurriagaz kofradiek antxoa kostera zer edo zer luzatuko dute. Hilabetean kuotaren %66 baino gehiago arrantzatu dute. Asteon 881 tona antxoa deskargatu dituzte Ondarroan
Antxoaren kostera luzatu nahian, barikuetan arrainik ez saltzea erabaki dute euskal kofradietako ordezkariek. Egunotako harrapaketa kopuruak oso handiak izan direla kontuan hartuta, neurri hori hartzea adostu dute, eta, hortaz, astelehenera bitartean, ez da ontzirik itsasoratuko.Ondarroako kofradiako ordezkariek nabarmendu dutenez, erabakia behin-behinekoa izango da. «Hemendik eta antxoa kostera amaiera arte, gure asmoa barikuero bandera ipintzea da, baina hori, astero joango gara baloratzen, harrapaketen arabera. Neurri horregaz, gainera, antxoari bere balioa eman eta merkatua ere liberatu nahi dugu».
Hain zuzen ere, azken asteotan bost benta ere egin dira, eta benta bat gutxituta, antxoaren kostera zer edo zer luzatu nahi dute. Kostera ekainaren amaieran amaitu ohi da, baina aurten daraman martxagaz, arinago amaitzea ere aurreikusi dute. Oraingoz, hilabetean, kuotaren %66 arrantzatu dute baxurako ontziek.
Antxoa harrapaketei dagokienez, egunotan antxoa asko saldu dute Ondarroako kofradian, 882 tona inguru, guztira. Kopurua handia izan denez, gainera, prezioak nabarmen amildu dira bentan. Kiloa euro baten bueltan saldu da.
Kilo gehien, aste hasieran
Batez ere, astelehenean eta martitzenean deskargatu zuten kopururik handiena. Astelehen goizean itsasoratu ziren ontziak, eta arratsaldeko lehen orduetarako antxoa asko deskargatu zuten, 331.000 kilo inguru. Iluntzean barriro itsasoratu, eta martitzen goizean oraindik eta antxoa gehiago deskargatu zuten portuan, 431.000 kilo inguru. Egoera horrek, zehazki, nahaspila eragin zuen Ondarroako portuan, eta inoiz ez modura, antxoa saldu barik ere geratu zen.
Besteak beste, antxoaren prezioa erabat amildu zen, arrain kaxak amaitu egin ziren, eta izotz barik ere geratu ziren kofradian. «Izotz fabrika itxita dagoen bitartean, ahal dugun modura ari gara antolatzen, eta izotza beste portuetatik (Colindres, Getaria, Bermeo, Lekeitio) ekarri bagenuen ere, ez zen nahikoa izan. Gure aurreikuspenak martitzenera begira ziren, baina astelehenean deskargatu zen arrain kopurua hain handia izanda, kaxa guztiak eta izotza astelehenean bertan amaitu ziren». Martitzenean ere arraina beste horrenbeste eta gehiago deskargatu zuten. «Ez genuen horri guztiari aurre egiteko nahikoa azpiegiturarik eduki», diote.
Hori dela eta, eguaztenean ez zuten bentarik egin Ondarroan. «Nahikoa izotz eta kaxa eduki izan bagenitu, egingo genuke beharra».
Berdela, garestiago
Atzo, ordea, antxoa gutxiago lehorreratu zuten; 120.000 kilo inguru, hain zuzen ere. Prezio aldetik, gainera, garestiago saldu zuten; bataz beste, 1,23 euroan kiloa. Alerik txikienak 60 zentimo inguruan saldu zituzten, eta handienak, ostera, 3 euroren bueltan.
Antxoa hain merke egonda, gainera, oraindik kuota duten ontziek berdel ale batzuk ere harrapatu dituzte. Berdel gutxi dago, eta prezio nahiko onean saldu da: kiloak 1,10 eta 1,20 euro bitartean egin ditu.