Bermeo, Ondarroa eta 58 herri
Emusik jaialdiaren agertoki izango dira datorren asteburuan. Musika Eskolen
Europako jaialdia da, hain zuzen, Emusik. Jaialdi horretan, Europako musika eskoletako
8.500 ikaslek parte hartuko dute Euskal Herrian barrena eskainiko diren 120 kontzertu baino gehiagotan.
Iker Allur, Aingeru Astui eta Estibalitz Arrizabalaga, jaialdiaren aurkezpenean
Ondarroak eta Bermeok kontzertu horietako batzuk hartuko dituzte. Maiatzaren 6an, barikuan, izango da Ondarroan, eta maiatzaren 7an, berriz, Bermeon.
Bermeo eta Ondarroako musika eskoletako zuzendari Estibalitz Arrizabalagak eta Iker Allurrek azaldutakoaren arabera, «Ondarroako eta Bermeoko Udalek hitzarmen bat sinatu zuten DSS 2016 eta Donostiako musika eta dantza eskolako antolatzaileekin».
Donostian inaugurazioa
Emusik, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren proiektua dela zehaztu dute. Hala, aipatu jaialdiko
inaugurazio ofiziala Donostia Arena 2016 espazioan (Ilunbe) egingo dute, maiatzaren 6an, 11:00etan. Ikasleentzako ordutegi ona ez denez,
bertako ordezkari bakarra Bermeoko Musika Eskolako Erroxape Abesbatza izango da. 8.500 musika ikaslerekin batera ariko dira inaugurazio ekitaldian. Topaketa horretan, musika eta dantza batuko dira errepertorio anitz batean. Donostiako martxa, Txanton piperri, Europako ereserkia eta Emusikerako bereziki konposatutako
Musikatu Bizitza abestia jo eta abestuko dituzte, besteak beste.
Inaugurazio ekitaldiaren ostean, Emusiken parte hartzen duten Europako musika eskoletako ikasleek errezitaldiak eskainiko dituzte maiatzaren 6ko arratsaldean eta 7ko goizean. Herritarrei zuzendutako doako kontzertuak izango dira guztiak.
Bermeon eta Ondarroan honako taldeek parte hartuko dute: Escola Municipal de Musica
La Selva del Camp perkusioa (Tarragona, Herrialde Katalanak), Escola Municipal de Musica de Mataro Big Band (Herrialde Katalanak), Espai Musical Burriac Argentonako (Herrialde Katalanak) haur koroa, Musik und Kuntstsuchule-Region Freudenstadt (Alemania) banda eta Jose Antonio Egia Bermeoko Musika Eskolako taldeak.
Kontzertu «dinamikoak» egin gura dituztela azaldu dute Bermeoko eta Ondarroako musika eskoletako zuzendariek. Hala, bi herrietan
kalejirak antolatu dituzte.
Klaustroa eta Erreten
Bermeora, zapatuan etorriko dira Emusiken parte hartuko duten taldeak. Kalejira
10:30ean abiatuko da Musika Eskolatik. Musika Eskolako hainbat taldek parte hartuko dute. Hala ere, herritarrek ere parte har dezakete, eta eguaztenetan batzen ari dira probasaioak egiteko. 20:00etan batzen dira Musika Eskolan, eta ordu erdi inguruko probasaioa egiten dute.
Jaialdiak bi agertoki izango ditu Bermeon, Klaustroa eta Erreten parkea, eta euria balitz Klaustroa eta Andra Mari eliza. Talde bakoitzak 20 minutuko kontzertua eskainiko du, eta talde guztiek batera abesten amaituko dute; Europako Ereserkia eta
Musikatu bizitza abestiak kantatuko dituzte.
300 musikari inguruk parte hartuko dute jaialdi horretan eta
entzuleria ere kantuan jarri gura dute. Hala, tartean, Bermeoko kantuak ere kantatuko dituztela jakinarazi dute.
Emusik jaialdia maiatzaren 7an amaituko da, iluntzean. Saguesen egingo dute amaierako jaialdia, erraldoiekin. Arrizabalagak eta Allurrek azaldutakoaren arabera, «Emusik jaialdi bat baino gehiago da; izan ere, musika, batzen gaituen hizkuntza komuna da, eta aipatu jaialdia premiatzat hartuta, aukera paregabea egongo da kultura eta hainbat herrialdeetako ezagutzak eta esperientziak partekatzeko. Era berean, Europako herri ezberdin arteko hurreratzea eta harremanak bultzatzeko aukera ere eskainiko du».
Emusik jaialdia festa eta musika ospakizunak baino gehiago dela diote: «Jaialdiak ikusgaitasun handiagoa eman gura dio musika eskolek maila guztietan egiten duten lan nekaezinari».
Hala, Emusik jaialdiak musikarekin gozatzeko aukera paregabea eskainiko die herritarrei. «Behin baino gehiagotan egingo bada ez dakitenez», Bermeoko eta Ondarroako musika eskoletako zuzendariek herritar guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera.