Aldundiak udaletxea berreraikitzeko laguntzarik ez du emango oraingoz
2016an horretarako partidarik ez dagoela aurreikusita esan du Ibone Bengoetxea foru diputatuak, eta 2017. urtean partidarik egongo den «ikusteko» dagoela azaldu du Batzar OrokorretanEH Bilduko batzarkideek Bermeoko udaletxeagatik egindako galderari e...
2016an horretarako partidarik ez dagoela aurreikusita esan du Ibone Bengoetxea foru diputatuak, eta 2017. urtean partidarik egongo den «ikusteko» dagoela azaldu du Batzar Orokorretan
EH Bilduko batzarkideek Bermeoko udaletxeagatik egindako galderari erantzun zion herenegun Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako diputatu Ibone Bengoetxeak.Haren esanetan, 2017. urtera arte, gutxienez, ez da Bermeoko udaletxea berreraikitzeko laguntzarik egongo: «2016an ez dago horretarako partidarik, eta 2017an euren egoitzetan arazoak dauzkaten udaletarako laguntzak baleude, Bermeora bideratuko liratekeen ala ez ikusi beharko genuke».
Bengoetxeak, gainera, «ezeztatu» egin du egungo gobernuak «konpromisorik duenik» Bermeoko Udalagaz.
«Ahalik eta arinen»
EH Bilduren batzarkide Meritxel Elgezabalek konpromiso hori «egon badagoela» erantzun zion, eta «ahalik eta arinen» udaletxea berreraikitzeko dirua emateko eskatu du, «babes bereziko kultur ondasun moduan sailkatuta dagoen eraikina berritzeko eta udalak eskaini behar dituen zerbitzuen funtzionaltasuna berreskuratzeko».
2013ko apirilaren 11ko Alde Zaharreko suteak Bermeoko udaletxea «larriki» kaltetu zuen. Ordutik, udaletxea ezin daiteke erabili, eta han zeuden zerbitzu guztiak Gizarte eta Kultura Etxera lekualdatu zituzten: idazkaritza, alkatetza, euskara saila, langileria eta jakinarazleak bertan aurki daitezke.
Sutea gertatu eta ea bi urtera ekin zioten udaletxea berreskuratzeko lanen lehenengo faseari. Lan horiek, aseguruaren eta Bizkaiko Foru Aldundiak aurreikusi bariko gastuen ataletik emandako diruagaz finantzatu zituzten, hain zuzen ere. Lehenengo fase horretan, besteak beste, eraikinaren teilatua berritu zuten, barruaren zati bat hustu eta eraikinaren egitura sendotu zuten.
Orain, baina, bigarren faseagaz hasteko diru laguntzaren zain dago Bermeoko Udala.