Arratzuk enplegua eta ongizatea bermatzeko aurrekontua onartu du
2016rako udal aurrekontuak onartu ditu Arratzuko Udalak, 740.387 euroko zenbatekoagaz. Herritarrei zerbitzuak bermatzeko, herriko irisgarritasuna zein komunikazioak hobetzeko eta enplegua eskaintzeko helburuagaz onartutako aurrekontuak direla adierazi ...
Herriko garapen ekonomikoa hobetzeko, Loiola auzoan kokatuko den Lan Elkartegiaren bigarren faserako 145.381 euroko aurrekontua bideratuko du udalak. «Herriko elkartegia enpresa ekimenak hartzeko eta enplegu aukerak sortzeko diseinatu eta sortu dugu; hori izan da legegintzaldi horren helburuetako bat. Bestalde, Elkartegiak tokiko garapen ekonomiko iraunkorra hobetzeko aukerak sortuko ditu», adierazi du Arratzuko alkate Josu Olanok. Elkartegiaren iriste erraztasuna hobetzeko 15.000 euroko inbertsioa egingo du udalak, aparkalekutik, elkartegira doan oinezkoen pasarela eraikitzeko. Zuntz optikoaren instalazioan ere 54.217 euro inbertituko dituztela jakinarazi dute.
Kirola, kultura, turismoa…
Herrian kirol zerbitzua eskaintzeko, pilotalekuan kiroldegi bat egitea aurreikusi du udalak; eta Urdaibaiko Donejakue bidearen errreferente bihurtzeko eta dinamizazio turistikoa bultzatzeko aterpe baten eraikuntza ere jaso ditu aurrekontuetan. Horretara, 20.000 euro bideratuko dituzte. Beste alde batetik, kultur eta kirol elkarteentzako diru laguntzen partidak 50.000 euroan mantenduko ditu.
Zaborrak batzeko zerbitzuan 42.000 euroko inbertsioa egingo du Arratzuk, eta Santo Tomas elizaren errestaurazioagaz jarraitzeko diru partida ere gorde du.