«Sirian ez dago bonbardaketen abisua ematen duen sirenarik»
Lobak ekimenak gonbidatuta egon ziren atzo, Gernika-Lumon, bonbardaketaren 79. urteurrenean; Astrako babesleku barruan egon ziren, hango sirena pizten.1937ko apirilaren 26an arriskuaren abisua eman zuen sirena pizteko ardura hartu dute aurten Yahia Kod...
Lobak ekimenak gonbidatuta egon ziren atzo, Gernika-Lumon, bonbardaketaren 79. urteurrenean; Astrako babesleku barruan egon ziren, hango sirena pizten.
1937ko apirilaren 26an arriskuaren abisua eman zuen sirena pizteko ardura hartu dute aurten Yahia Koddo etra Ruba Hassan siriarrek. Ikasteko iragan-agiriagaz heldu ziren Euskal Herrira, eta etxera bueltatzeko eguna gero eta urrunago ikusten dute. Atzo Gernika-Lumon egon ziren, eta Lobek antolatutako Gernika 04 minutu ekimenean sirena pizteko aukera izan zuten.Zelan bizi izan duzue sirena piztearen momentua?
Guretzat esperientzia oso berezia izan da. Batez ere, siriarrengan izan dugu pentsamendua. Han ez dago abisua ematen duen sirenarik, jendeak babesa bila dezan. Bestalde, gernikarrek bonbardaketa bizi izan zuten momentua ere izan dugu gogoan, zein zaila izan behar duen gaur egun oraindik une hori berriro gogoratzea. Sirian edo hemen, bonbardaketen uneak presente ditugu oraindik. Azken finean, gizakia delako sufritzen duena, han eta hemen.
Zer suposatzen du zuentzat Gernikako bonbardaketaren urteurrenean parte hartzeko aukera izatea?
Guretzat oso garrantzitsua da gaur [atzo] hemen egotea, eta momentu hau gernikarrekin konpartitzea. Gainera, bertoko jendeak siriarrekiko erakusten duen elkartasuna ere sumatu dugu. Egia esateko, gaur hemen egotera gonbidatu gaituztenei eskerrak eman gura dizkiegu, gaur egun sufritzen ari diren guztien ordezkari izan ahal izatea eskertu nahi dugu.
Urteurrenean, gainera, garrantzia hartu dute errefuxiatuek.
Bai, eta oso garrantzitsua da hori. Jendeak gogoratu egingo du Gernika ere bonbardatu egin zutela, Sirian gertatzen ari dena hemen ere gertatu zela, eta, munduko edozein lekutan gerta daitekeela. Horregatik da garrantzitsua errefuxiatuek bizi duten egoera gogoan izatea. Hartara, jendeak gogoratuko du 36ko gerratik ihesi zihoazen errefuxiatuak ere izan zirela, mugak zeharkatu behar izan zituztela, eta familia askoren sufrimendua ekarri zuela. Gizakiaren sufrimendua berbera da, hemen eta munduko beste edozein lekutan.
Ikasteko baimenagaz atera zineten Siriatik, baina, bueltatzea zail izango zenutela pentsatu al zenuten?
Etxetik atera ginenean pentsatu genuen egun batzuetarako izango zela. Orain, gero eta urrunago ikusten dugu bueltatzeko eguna.
Zein mezu zabalduko zenieke gernikarrei, euskal herritarrei?
Eskerrak eman gura dizkiegu; batez ere, errefuxiatuak hartzen eta babesten dituzten euskal herritarrei. Gobernuak gehiago egin dezakeela uste dugu, eta egingo duela espero dugu. Baina jendartearen erantzuna eskertzekoa da.