Iraganari helduz, etorkizun berria gura dute Lobek
Iragana ahaztu gabe begiratzen diote Gernika-Lumoko Lobek etorkizunari. Aurten, bonbardaketaren 79. urteurrenean, Zallo hilerrian egiten duten ekimenean ere izan dira. Gernikako bonbardaketan hil zirenen omenezko ekitaldi eta lore eskaintzan, beraien h...
Iraganari helduz, etorkizun berri bat koloreztatu gura dute, lagundu ahal dioten pertsona bakoitzari eskua eskainiz. Loben izenean Maitane Uriartek hartu zuen hitza. «Argi dugu gosea, hotza, beldurra, deportatuak, erbesteratuak, errepresioa… gerraren zati direla, eta, akatsetatik ikasiz, ez dugula Guernica gehiagorik nahi», esan zuen.
Lobentzat egunero da apirilaren 26a, «egunero izango dugulako gogoratzeko betebeharra».
Ez dira isilduko, ingurua eraldatzeko beharra sentitzen baitute. «Garaiak aldatu direla diote, egunkari berriak, kale berriak, ideia berriak… berrikuntzen lobak omen gara. Baina odola kolore berdinez isurtzen jarraitzen du, bonben botere hotsak bere horretan dirau».
Lobek argi dute leku bateko zein besteko bonbek pisu bera dutela. «Apiriralen 26 hartan Gernikan eroritako bonbak dira gaur Palmyran erortzen ari direnak, Brusela nahitu dutenak, Afganistango lurra suntsitu dutenak. Azken finean, gaur egun oraindik ehunka Guernica daude», diote.
Aldaketa bideratu
Bonbetatik ihesi, orain 79 urte, beraien arbasoek ere, bizimodu hobearen bila beste lur batzuetara joan behar izan zutela izan dute gogoan Gernikako bonbardaketaren urteurrenean. «Gaur egun, tamalez, Calais, Idomeni eta beste hamaikatxo kartzelatan gotortuta dituzte gerrako biktimak», gogorarazi zuen Uriartek. Garai berriak diren arren, Lobek diote mundua ez dela horrenbeste aldatu.
Eta gaur egungo egoerari bere ekarpena ere egin nahi dio Gernika-Lumoko Lobak ekimenak: «Gure asmoa bakearen sinbolo den gure herri honetatik hasi eta aldaketa bideratzea da, edozein gerraren aurka egon behar dugulako, harresiak apur daitezen».
Hala, barikurako manifestazioa deitu dute, Guernicatik gernikara. Ongi etorri lelopean. Errefuxiatuak Gernikan ongi etorriak direla aldarrikatuko dute kalean. Manifestazioa Andra Mariko babeslekutik abiatuko da, 20:30ean, eta Astrako babeslekuraino joango dira.
Hurrengo egunean, Astrako sirenari buruzko azalpenak emango ditu Sabadelletik (Katalunia) helduko den Genis Ribe historialariak. Astran izango da berbaldia, 12:00etan.