Iñigo Martinezek Real Sociedaden jarraituko du beste bost urtean
Kontratua 2021eko ekainera arte luzatu du ondarrutarrak. Realeko arduradunen esanetan, profil lehiakorra du atzelariak, eta taldeari hori transmitituko diola uste duteIñigo Martinez futbol jokalari ondarrutarra eta Reala kontratua berritzeko akordio b...
Kontratua 2021eko ekainera arte luzatu du ondarrutarrak. Realeko arduradunen esanetan, profil lehiakorra du atzelariak, eta taldeari hori transmitituko diola uste dute
Iñigo Martinez futbol jokalari ondarrutarra eta Reala kontratua berritzeko akordio batera ailegatu dira, eta bere kontratua 2021 arte luzatu dute. Jokin Aperribai klubeko presidenteagaz eta Lorenzo Juarros kirol zuzendariagaz batera atzo goizean sinatu zuen kontratua Martinezek, Anoetako bulegoetan.Kontratua sinatu ostean, Realeko presidentea pozik agertu da. «Realarentzat berri handia da, une honetako eta etorkizuneko oinarrietako batek gugaz jarraituko du eta. Reala bihotzean darama, eta gure filosofiagaz eta taldearen helburuekin bat egiten du».
Martinez ere, bere aldetik, klubean jarraitzeko gogotsu dago. «Oso pozik nago urte asko hemen egiteagatik, sentitzen nuen zerbait da. Hasieratik esan nuen modura, nahi nuen lekuan jarraitzen dut, eta oso harro nago beste bost urtez jarraituko dudalako. Kontratua luzatu nahi nuen, eta eguna iritsi da. Realak ahalegin handia egin du, eta nik ahal den heinean, hori zelaigunean itzultzea espero dut».
Bestalde, kontratua berritzeko oztopo handirik ez dela egon ere nabarmendu zuen atzo eguerdiko prentsaurrekoan. «Orain dela hilabete batzuk ere nire asmoa klubean jarraitzea zela azaldu nuen. Dena baloratu behar izan dut, baina Realean jarraitzea onena zela erabaki dut, neure onerako eta denon onerako. Klubak bere aldetik eskaini didanak, gainera, itxaropenez bete nau. Azkenean, garrantzitsuena hori da, eta espero dut urte politak egitea».
Juarrosek agertu duenez, Realeko oinarrizko jokalarietako bat da Iñigo Martinez. «Bere konpromisoa berritu du, eta hori pozik egoteko modukoa da. Profil lehiakorra dauka, eta aldagelari hori transmitituko diola uste dugu».
40 milioi euro
2017era arteko kontratua zeukan atzelariak, eta orain, 2021ko ekainaren 30 bitartekoa izango du. Kontratuaren nondik norakoak oraindik ez badira ezagutzen ere, beste komunikabide batzuren arabera, 40 milioi euroko etete klausula izan dezake, orain arte zuena baino hamar milioi handiagoa. Juarrosek bere aldetik, ondarrutarrak lehengo etete klasula bera izango duela nabarmendu zuen. «Lehengoaren bera da, baina gaurko kontratura eguneratua».
Ondarrutarrak 2011-2012 denboraldian debutatu zuen Realaren lehen taldean, Phillippe Montanier entrenatzailearen gidaritzapean. Azken lau denboraldietan 183 partida ofizial jokatu ditu, eta pixkanaka taldean duen pisua handitzen joan da.
Datuak kontuan hartuta, gainera, talde txuri urdinak bere historian izan dituen atzelarien artean hirugarren golegilerik onena da, 13 golegaz.