Gernika bonbardatu zutela 79 urte dira gaur, eta egun hartan gertatutakoa oroitzeko zein eraso hartako biktimak omentzeko hainbat ekitaldi egingo dituzte gaur.
Mundu zabalari bonbardaketaren berri eman zion George L. Steer kazetaria ere omendu dute. Azken urteetan legez, Gernika-Lumon da George Steer semea, eta aitaren omenezko ekitaldian izan da. Gernikarren eta euskal jendartearen babesa eskertzeaz gain, erakutsi duten jarrera tolerantea ere goraipatu du Steerrek.
Era berean, gaur egungo gatazkak ere aipatu ditu, eta errefuxiatuen egoera izan du gogoan. “Nire aita bizirik balego, errefuxiatuek gaur egun bizi duten egoerari buruz idatziko luke”, esan du.
Gernika Sariak banatzeko ekitaldia 12:00etan hasi da, Lizeo antzokian. Han ere, errefuxiatuak izan dituzte gogoan, eta minutu bateko isilunea egin dute hil diren errefuxiatuengatik. Francisco Etxeberria antropologo eta mediku forentseak eta Uruguaiko presidente ohi Jose Mujicak hartu dute aurten Gernika saria. Gernikako herriak egin dien errekonozimendua eskertu dute, eta oroimen historikoak eta iraganak gaur egungo egoeran duen garrantzia azpimarratu zuen Aranzadikoak HITZAri emandako elkarrizketan.
Bonbardaketaren urteurrena gogoan izango dute egun osoan zehar. 14:45ean Gernika 04 minutu ekimenean, sirena hotsa entzungo da herrian, eta lau minutuko geldune eta isilaldia egingo dute herritarrek. Lobak-en ekimenez, Astrako babeslekuan piztuko dute aurten sirena, eta Yahia Koddo eta Ruba Hassan siriarren laguntza izango dute horretarako.
Zallo hilerrian batuko dira gero herritar, alderdi politikoetako zein erakunde publikoetako ordezkariak eta eragileak. Kanpai hotsak entzun ostean, lore sortak eta koroak eskainiko dituzte, bonbardaketan hildakoen omenez.
Gernika garretan herri kale antzerkia 19:30ean hasiko da, Foru plazan, eta 21:30ean abiatuko da kandelen manifestazio isila, Foru plazatik bertatik. Gernika Batzordeak, urtero legez, kandelen argipean eta manifestazio isilarekin gogoratuko ditu Gernikako bonbardaketaren biktimak.
Lobak eta Markak
Datozen egunetan ere bonbardaketarekin lotutako jarduerak izango dira. Bariku iluntzean, Europako politiken ondorioz errefuxiatuek bizi duten egoera gogoratu eta haiei babesa erakusteko manifestazioa egingo dute. Guernicatik Gernikara. Ongi etorri lelopean, Andra Mariko babeslekua zegoen lekutik Astrako babeslekurainoko ibilbidea egingo dute. Diotenz, “bonbardaketaren lobak” dira eta ez dute etorkizuna ahaztu nahi. “Oraina ere ez”.
Bestalde, Astratik berreskuratutako sirenaren historiari buruz ariko den historialaria gonbidatu dute Lobek Gernika-Lumora. Zapatuan izango da hitzaldia, Astran, 12:00etan hasita. Sabadelletik helduko den Genis Riberekin batera izango da Gernikazarra Historia Taldeko Txato Etxaniz.
Zapatu gauean, Markak (Gernika 2016) ikuskizuna hartuko du Jai Alai pilotalekuak. Zuzeneko musika eta poesia bilduko dituen ikuskizuna Gernikako bonbardaketaren 79. urteurreneko ekitaldien barruan kokatzen da. Horrez gain, Gernika sortu zenetik 650 urte beteko dira aurten, eta urtemuga horren parte ere bada ikuskizuna.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.