Lizeo Antzoki bete batean banatu ditu gaur eguerdian Gernika-Lumoko Udalak Bakearen eta Berradiskidetzearen aldeko Gernika Sariak. Jose Mugica, Uruguaiko presidente ohia, eta Francisco Etxeberria, Aranzadi Zientzien Elkarteko zuzendariak dira aurtengo saridunak.
Mundu mailan giza eskubideen defentsan egindako lanagatik eta bizitza etiko eta koherente baten mezua transmititzeagatik, Jose Mugica Uruguaiko presidente ohia saritu dute. Osasun arazoengatik ezin izan da Gernika-Lumoko ekitaldian egon, eta Iñigo Magunagoikoetxeak hartu du saria. Mugikari saria “ahalik eta arinen” iristeko ahaleginak egingo dituztela adierazi du gaurko ekitaldian Magunagoikoetxeak. Olga Zabalgogeaskoa ekitaldiko aurkezleak Mugikaren zenbait hitz ekarri ditu gogora:”Mugikak dioenez, ez dago munduan balio handiagorik bakea lortzea baino. Bakea ez da ez ezkertiar ez eta eskumatarrena, bakea pertsonen arteko bizikidetza da”.
Bestalde, Francisco Etxeberria, antropologo forentsea, EHUko irakaslea, eta Aranzadi Zientzien Elkarteko zuzendariak ere jaso du Gernika Saria, memoria historikoa berreskuratzeko egindako lanagatik. Frankismoaren krimenak ikertu eta memoria historikoa berreskuratzeko egindako lanagatik saritu dute, hain zuzen ere. Jose Maria Gorroño alkateak eman dio saria. Saria esku batekin hartzen duela dio, “eta bestearekin lan taldeari emango diot”, esan du eguerdiko ekitaldian; “atzean badaudelako pertsona asko”.
Gaurko ekitaldian ama izan du Gogoan Etxeberriak: “Bilbon bizi izan zuen bonbardaketa, eta ondo gogoraratzen dut tunel batean egotea zer zer azaltzen zuenean, gaixorik zegoen gainera”.
Harkaitz bategaz hurbildu da Gernika-Lumora, lurpetik ateratako bat: “Hilketak estaltzeko erabiltzen ziren harrietako bat da. Pertsona ugari hil zituzten, eta gainera, hilketa horiek estaltzen saiatu ziren. Hobi komunetatik gorpuak berreskuratzen ditugunean, duintasuna berreskuratzen ari gara”. Jakinarazi duenez, 8.500 eskeleto baino gehiago berreskuratu dituzte 350 hobi komun ingurutatik. Gaur, Gernikara ekarritako harkaitza egunen batean Gogora. Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuan egongo dela azaldu du Etxeberriak.
Sariak banatu aurretik, Jose Mari Gorroño Gernika-Lumo alkateak errefuxiatuak izan ditu gogoan: “Gaur egun, azken 50 urteotan Europan izandako krisi humanitariorik larriena dugu. Milioi bat errefuxiatu baino gehiagok ihes egiten dute euren jatorrizko herrialdeetako pobreziatik eta gatazkatik. Itsasoa gurutzatu dute Europara iristeko, eta bidaia horretan 4.000 pertsona baino gehiago hil dira. Egoera larri horren aurrean Europar Batasunak ezin du ezikusiarena egin. Horiek guztiak laguntza eske dagoz, bizitzeko gogoagaz. Gaur, Gernikatik eskatzen diogu Europar Batasunari errefuxiatuei laguntzeko eta ez leporik emateko”.
Hala, hildako errefuxiatuak gogoratzeko minutu bateko isilunea egin dute Lizeo Antzokian.