Gernikaren 650. urteak ospatzeko ekintza bereziak aurkeztu dituzte
«Sailkapen ezberdinetako ekimenak» egingo direla azaldu du kultura zinegotziak. Ekitaldi nagusia apirilaren 28an izango da, Don Telloren estatuan ander zarragaGernika-Lumoren 650. urteurrena ospatzeko, hainbat ekitaldi eta ikuskizun ari dira antolatz...
«Sailkapen ezberdinetako ekimenak» egingo direla azaldu du kultura zinegotziak. Ekitaldi nagusia apirilaren 28an izango da, Don Telloren estatuan ander zarraga
Gernika-Lumoren 650. urteurrena ospatzeko, hainbat ekitaldi eta ikuskizun ari dira antolatzen Gernikako eragile kulturalak. Ekitaldi nagusia apirilaren 28an egingo dute Foru Plazan dagoen Don Telloren estatuaren oinetan. Bestalde, apirilaren 30ean Markak jaialdia egingo dute Jai Alai frontoian, eta gaurtik aurrera erakusketa egongo da Kultur Etxean, Gernikako hirigintzaren ibilbidea aztertzen duten Fernando Hierroren akuarelekin.Aurkezpen prentsaurrekoan, Iñigo Magunagoikoetxea kultur zinegotziak, urte osoan zehar egingo diren ekintzak antolatzeko, herriko kultur taldeekin elkarlanean dabiltzala,azaldu du.
Sailkapen ezberdineko ekitaldiak antolatzen ari direla azaldu du zinegotziak, beti ere “Gernikako historia adin ezberdinetako herritarrengana heltzeko helburuarekin”.
«Gure xedea da datorren 2017ko apirilaren 28a arte programa zabal bat egitea, adin ezberdinentzako mota guztietako ekitaldiekin», gehitu du zinegotziak. Ekintza batzuk lotuta dituztela eta beste batzuk oraindik antolatzen daudela zehaztu du.
Gaur bertan, Gernika 1366-2016, hiribilduko hirigintzaren bilakaera irudikatzen duten Fernando Hierroren akuarelek osatutako erakusketa aurkeztuko dute, Kutur Etxean. Margolanekin batera, Gernikaren historia biltzen duen bibliografia ere ikusgai egongo dala adierazi du Kultur Etxeko zuzendaria den Ricardo Abaunzak.
Urteurren eguna
Apirilaren 28an egingo dute ospakizun nagusia. Urtero legez, zapia jarriko zaio Don Telloren eskulturak eskuan daukan hiribilduaren sortze agiriaren gutunari.
Ekitaldian aurreskua dantzatuko da eta Udaletxeko aurrealdean herriko bandera jarriko dute. Ostean, ibilaldia egingo dute hiribilduaren mugetatik, eta bukatzeko, herriko hiru koralek (Gure Arbola Zaharra, Andra Mari Korala eta Gaudeamus Korala) kontzertu berezia emango dute, Segundo Olaeta Musika bandarekin batera.
Don Tello, Gaztelako Alfontso XI. eta Guzmaneko Leonorren semea, Bizkaiko jauna izanik, 1366ko apirilaren 28an, Lumoko lurretan hiribildua sortu zuen. Bilbotik Elantxobera eta Bermeotik Durangora doazen bideen erdian kokatuta egoteak eta itsasadarra ondoan izateak, kokaleku estrategikoa ematen zion. Ordutik herri biak bananduta egon ziren, 1882an berriz ere batu ziren arte, Gernika-Lumo udalerri bakarri sortuz.
Apirilaren 30ean Markak jaialdia egingo dute Jai Alai frontoian. Magunagoikoetxeak azaldu duenez, “lehen mailako ikuskizuna izango da hau». Izan ere, Bernardo Atxaga idazlea izango da aurkezlea eta baita jaialdiaren zuzendaria ere. Ruper Ordorika, Aitor Etxebarria & Ander Mujika, Nebbian eta Munsergo musikarien emanaldiak egongo dira jaialdi honetan.
Ekitaldia 20:30etan hasiko da, eta sarrerak dagoeneko salgai daude zortzi euroko prezioan aldez aurretik, eta hamar eurotan emanaldiaren egun berean.
Urteurren honetarako, Eulogio Omaetxebarria gernikarrak sortutako logoa ere aurkeztu dute prentsaurrekoan. Enbor batean, «650 Gernika 1366-2016» hitzak eta haritzaren hostoa dituen ikurra, ikusgai egongo da burutzen diren ekitaldietan, efemeridearen ikur gisa.
Etorriko dena
Gernikazarra elkarteak ere beraien ekarpena egin dute, hiribilduaren historia biltzen duen erakusketa antolatuz Euskal Herria museoan. Oraindik ez dute aurkezpen data ezarri, baina museotik adierazi dute hurrengo aste hauetan izango dala.
Aurrerapen gisa, Gernikako historiaren inguruko hitzaldi zikloa egingo dutela adierazi du Kultur Etxeko Zuzendariak.
Herritarrek Gernika nola ikusten duten azaltzeko, argazki lehiaketa eta egutegi bat egitea ere aurreikusi dutela azaldu du Abauzak.
Udan egiten den Gernikarte ekimenean ere,artistei gai honen inguruko sorkuntzak aurkeztea proposatuko dutela azaldu du Abaunzak.