Ibarrangeluko kostaldea garbituko dute, domekan
Ibarrangeluko kostaldea garbituko dute domekan. 11:00etan Laga hondartzako Toki Alai tabernaren aurrean elkartuko dira.Izaro Water Safety & Rescue taldeak Surfrider Foundation Europe fundazioagaz elkarlanean antolatu du ekimena, eta Ibarrangeluko u...
Izaro Water Safety & Rescue taldeak Surfrider Foundation Europe fundazioagaz elkarlanean antolatu du ekimena, eta Ibarrangeluko udalaren laguntza dute. Garbiketa lanetan lagundu nahi dutenek izaro@izarorescue.com helbidean izena eman behar dute, aseguru kontuak ondo lotzeko.
«Hasieran egitasmoaren inguruko azalpenak emango ditugu, ekimena zergatik antolatu dugun eta antzeko informazioa emanez, eta ondoren, elkartzen garen jende kopuruaren arabera taldeetan banatuko gara», zehaztu dute antolatzaileek. Laga eta Laida hondartza eta Antxora ingurua garbitzea da helburua, eta horregatik jende nahikoa animatzea espero dute, guztia txukun uzteko.
Asmoa da bi ordu eta erdi inguru egotea kostaldea garbitzen: «Harean bakarrik ez, arkaitzetan eta sarbideetan ere arituko gara bazterrak garbitzen, hor pilatzen diren hondakinek gero itsasoan amaitzen dutelako».
Antolatzaileek garbiketa lanetan parte hartzeko dei egin diete Ibarrangeluko zein inguruko herritarrei. Halaber, itsasoa eta natura maite dutenei zuzendutako ekintza dela gogora ekarri dute.