650. urteurrena ospatzeko, hainbat
ekitaldi eta
ikuskizun ari dira antolatzen Gernikako eragile kulturalak. Ekitaldi
nagusia apirilaren 28an egingo dute Don Telloren estatuaren ondoan. Bestalde, apirilaren 30ean
Markak jaialdia egingo dute Jai Alai frontoian, eta bihartik aurrera
erakusketa egongo da Kultur Etxean, Gernikako hirigintzaren ibilbidea aztertzen duten Fernando Hierroren akuarelekin.
Iñigo Magunagoikoetxea kultura zinegotzia eta Ricardo Abaunza Kultur Etxeko zuzendaria. Argazkia: Ander Zarraga
Gaur egindako aurkezpen prentsaurrekoan,
Iñigo Magunagoikoetxea kultura zinegotziak azpimarratu duenez, herriko kultur taldeekin elkarlanean aritu dira urte osoan zehar egingo diren ekintzak antolatzeko. Sailkapen ezberdineko ekitaldiak antolatzen ari direla azaldu du zinegotziak, beti ere “Gernikako historia adin ezberdinetako herritarrei helarazteko helburuarekin”.
Bihar bertan, ‘Gernika 1366-2016’, hiribilduko hirigintzaren bilakaera irudikatzen duten Fernando Hierroren akuarelek osatutako
erakusketa aurkeztuko dute,
Kutur Etxean. Margolanekin batera, Gernikaren historia biltzen duen bibliografia ere ikusgai egongo dala adierazi du Kultur Etxeko zuzendaria den Ricardo Abaunzak.
Apirilaren 28an egingo dute ospakizun nagusia. Urtero legez, zapia jarriko zaio
Don Telloren eskulturak eskuan daukan hiribilduaren sortze agiriaren gutunari. Ekitaldian aurreskua dantzatuko da eta Udaletxeko aurrealdean herriko bandera jarriko dute. Ostean ibilaldia egingo dute hiribilduaren mugetatik, eta bukatzeko, herriko
hiru koralek (Gure Arbola Zaharra, Andra Mari Korala eta Gaudeamus Korala) kontzertu berezia emango dute
Segundo Olaeta Musika bandarekin batera.
Bestalde,
apirilaren 30ean Markak jaialdia egingo dute Jai Alai frontoian. Magunagoikoetxeak azaldu duenez “lehen mailako ikuskizuna” izango da, izan ere,
Bernardo Atxaga idazlearen aurkezpena eta zuzendaritzapean egingo den jaialdian, Ruper Ordorika, Aitor Etxebarria & Ander Mujika, Nebbian eta Munsergo musikarien emanaldiak egongo dira. Ekitaldia 20:30etan hasiko da, eta sarrerak dagoeneko salgai daude zortzi euroko prezioan aluez aurretik, eta hamar euro emanaldiaren sarreran.
Urteurren honetarako,
Eulogio Omaetxebarria gernikarrak sortutako
logoa ere aurkeztu dute prentsaurrekoan. Enbor batean, ‘650 Gernika 1366-2016’ hitzak eta haritzaren hostoa dituen ikurra, ikusgai egongo da burutzen diren ekitaldietan.
Gernikazarra elkarteak ere, hiribilduaren historia biltzen duen erakusketa antolatu du Euskal Herria museoan.
Aurrerapen gisa, Gernikako historiaren inguruko
hitzaldi zikloa,
argazki lehiaketa, egutegi bat eta beste ekintza batzuk antolatuko dituztela ere azaldu dute. Udan egiten den ‘Gernikarte’ ekimenean gai honen inguruko sorkuntzak bilduko dituzte.