Ajangizko desanexioaren 25. urteurren jaialdia egingo dute, zapatuan
Argazki erakusketa, sukalkia, ekitaldia eta musika herrikoia izango dute zapatuko jaialdian. Gernikatik banatzeko prozesua nolakoa izan zen gogora ekarriko dute jaialdiko ekitaldianAjangizen, desanexioaren 25. urteurrenaren jaialdia egingo dute, zapatu...
Argazki erakusketa, sukalkia, ekitaldia eta musika herrikoia izango dute zapatuko jaialdian. Gernikatik banatzeko prozesua nolakoa izan zen gogora ekarriko dute jaialdiko ekitaldian
Ajangizen, desanexioaren 25. urteurrenaren jaialdia egingo dute, zapatu honetan, egun osoa hartuko duen programarekin. Gernika-Lumotik banatu zeneko mende laurdena ospatzeko, ekintza bereziak burutu dituzte hile honetan zehar, eta zapatuan egingo dute desanexioaren jaialdi nagusia.Barikuan liburutegian, gazteen asanblada egingo dute «Herria» gaia planteatuz.
Zapatuan berriz, 11:00etan hasita desanexioaren jaialdiari emango diote hasiera. Lehen ordutik, udal korporazioaren, Artzube dantza taldearen eta herritarrek emandako argazkiekin egindako kronograma, egongo dira ikusgai.
Jaialdian sukalkia prestaketa ere egingo dute. Parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute aldez aurretik, bai Udaletxean edo Kultur Etxean, 946 251 913 eta 94 625 179 telefonoetara deituz.
12:30etan ekitaldi orokorra egingo dute, herriak independentzia berriz lortu zuenetik egindako ibilbidea gogoratuko dute, belaunaldi ezberdineko herritarren hitzekin eta hilean zehar egin diren ekintzen xedea gogoratuko dute. Jarraian triki-bertso poteoa egingo dute, 14:30etan sukalkien aurkezpena egin aurretik. Ondoren bazkari herrikoia egingo dute herriko plazan.
18:00etan musika herrikoiak jaia girotuko du, eta gaua modu dibertigarrian bukatzeko, karaokea egongo da Herriko Tabernan 21:00etatik.
Desanexio prozesua
Ajangizek 1991ean lortu zuen Gernika-Lumotik banatzea, 1947tik herri honetara lotuta egon ondoren.
Desaneksio prozesua 1981an hasi zen, Bizkaiko Foru Aldundiak Ajangiz bezalako herri anexionatuen biabilitatea aztertzen hasi zenean. 1987an Guztiona izeneko desanexio elkartea eratu zuten auzotarrek, herriaren independentzia berreskuratzeko. Garai horretan, herria oso utzita zegoela gogoratzen du elkartean egon zen Alicia Intxaustik.
«Gernikak gure herrian hainbeste astakeri egin nahi izan zituen», azaltzen du, desanexio prozesuan ere egon zen Jose Mari Olaetak. Bere hitzetan, desanexio prozesuaren aurretik, Gernikako udalak hilerria Ajangizera mugitu nahi izan zuten; zabortegia eta urtegia ere egin nahi izan zituztela ekartzen du gogora. Baina herritarren ekimenek, erabaki hauek gelditzea lortu zutela dio du berak.
Hasiera batean Ajangizeek gaur egun Gernikan dagoen Errenteria auzoa ere hartzen zuen, muga Oka ibaian ezarriz. Hala ere 1985ean egindako erreferendumean, Errenteriako auzotarrek Gernika-Lumon gelditzea erabaki zuten. «Errenteria Gernikan gelditzeak tristura handia suposatu zuen ajangiztar askorentzat», aitortzen du Intxaustik .
Errenteriako auzotarrek hartutako erabakiak tira-bira asko sortu bazituen ere, azkenean 1990ko martxoaren 11an erreferenduma ospatu eta ajangiztarrek zazpi botogatik, desanexioaren alde egin zuten.
Hurrengo urteko urtarrilaren 1ean Ajangiz Gernika-Lumotik ofizialki banatu eta bakarkako ibilbideari ekin zion.
Gaur egun Ajangiz funtsean herri landatarra da, nahiz eta nekazaritza baserri gutxi batzuetara murriztu den. Bertako indaba, piper, fruitu eta txakolin nekazaritzari, abeltzaintza esplotazio txikiak batzen zaizkie. Horretaz gain herriko garapen ekonomikoa gune industrialean eta zerbitzu sektorean oinarritzen da, gaur egun.
«Banaketaren ondoren, batez ere hurbiltasunaren sentimedua lortu dugu», azaltzen du Intxaustik. Bere ustez herriak izaera propioa berreskuratu du azken 25 urte hauetan. «Ekonomikoki herria burujabe izatea ere lortu dugu», gehitzen du Olaetak.