Ezin hobeto joan da Lekeitioko 40. Hondartzako Futbol Txapelketa
Deabruak (Aurrebenjamin), Kirriskarruak A (Benjamin), Buru Gogorrak A (Alebin) eta Asunto (Infantil) izan dira aurten Lekeition jokatu den Hondartzako Futbol Txapelketako irabazleak. Poz-pozik ospatu zuten guztiak garaipena, eta aspaldiko ohitura den m...
Domeka goizean jokatu ziren 40. Hondartzako Futbol Txapleketako finalak Isuntzako hondartzan, eta ondoren, sari banaketa egin zen plazako kioskoan. Irabazleei merezitako txalo zaparradak jotzeagaz gainera, aipamen bereziak ere egin ziren, alde batetik, Lekeitioko Futbol Taldeko nagusiei, Ohorezko Mailara heldu eta egiten ari diren lanagatik, eta bestetik, istripu bat izan zuen taldeko kide bati. «Istripu bat izan eta larri egon zen arren aurrera egin du Manexek eta entrenatzaile moduan jarraitzen du taldean. Guztion errespetua eta mirespena irabazi ditu», azpimarratu du Eli Mendieta Lekeitio Futbol Taldeko lehendakariak.
Balorazio ona
311 ume eta gaztetxok hartu dute parte Lekeitioko Futbol Taldeak antolatu duen 40. futbol txapelketan, eta parte hartze handia eta giro ona izan dira nagusi. Azpimarratzekoa izan da, bai eta ere, Lekeitioko Futbol Taldeko guztien inplikazioa, bai jokalari zein zuzendaritza, guraso eta laguntzaileena. Hori dela eta, kirol ekitaldiaren balorazio on-ona egin dute antolatzaileek, eta atzetik behar handia dagoela onartu duten arren, umeek erakusten duen pozak guztia merezi duela nabarmendu dute.