Bermeon dauden 1.416 eraikinetatik 922k Eraikinen Ikuskaritza Teknikoa (EIT) aurkeztu beharko dute. 2018. urtera arteko epea dute txosten hori aurkezteko, eta horretarako egutegi bat onartu zen, aho batez, joan den asteko osoko bilkuran.
Bermeoko Alde Zaharreko kaleetako bat
EIT txosten tekniko bat da, eraikinen segurtasun, bizigarritasun eta erosotasun baldintzak hobeto ezagutzeko tresna da, hain zuzen ere. Eraikinaren jabearen betebeharra da, eta eraikina kontserbatzeko legezko betebeharrean sartuta dago.
Hala, Bermeon, eraikinen %65,11k aurkeztu beharko dute txosten hori. Txosten guztiak urte berean ez pilatzeko eta EIT egiten duten teknikariei planifikazioa errazteko, udalak, legeak baimenduta, egutegi berri bat onartu du.
Modu horretan, 1919. urtera arteko eraikin guztiek 2016. urtean zehar aurkeztu beharko dute EIT txostena. Udaletik jakinarazi dutenez, 213 eraikin dira.
Bestalde, 1920 eta 1959 urte bitarteko eraikinek, 2017. urteko abendua izango dute aipatu txostena aurkezteko epemuga, eta 282 eraikin dira.
Azkenik, Euskal Erkidegoko Araudiak finkatzen duen gehienezko epean, 2018ko ekainaren 27an, hain zuzen ere, 1967 urtea baino zaharragoak diren beste eraikin guztiek aurkeztu beharko dute txostena. 449 eraikin daude tarte horretakoak.
10 urterako
Udaletik jakinarazi dutenez, salbuetsita geratuko dira, nolanahi, egun horretarako dagoeneko ikuskapen teknikoa egina daukaten eraikinak, egunean baldin badaude.
EIT txostenaren baliotasuna 10 urtekoa dela azaldu dute; hau da, behin EIT txostena aurkeztuta, 10 urtero errepikatu beharko dute eraikinetako jabeek.
Behin osoko bilkurak egutegi berria onartuta, Berualatik Bermeoko teknikariei eta finka kudeatzaileei batzar informatibo batera deituko dietela adierazi dute, onartutako egutegiaren berri emateko.
Txosten teknikoei edota epeei buruzko edozein zalantza duten herritar horiek, Berualako bulegoetara jo dezakete beharrezkoa duten informazioa jasotzeko.