Atzo eta gaur burutu dituzte jardunaldiak. Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia
60 ikasle inguruk hartu dute parte, apirilaren 18 eta 19an, Bizkaiko Foru Aldundiak eta
UNESCO Etxeak antolatutako
Santimamiñe 2016 jardunaldietan. Kantauri Erlaitzeko UNESCOra kidetutako ikastegientzako antolatzen den II. Labar-arte Munduko Ondare Txapelketa-topaketaren baita kokatzen da Kortezubiko koban egin den ekimen hau.
Monumentu eta Leku Historikoen
Nazioarteko Egunaren ildora, Bizkaiko leize honen Paleolitiko labar-artea ezagutaraztea da jardunaldion xedea.
Helburua, ikasleen artean labar-arteari buruzko eta Bizkaiaren Paleolitikotik Burdin Arora bitarteko kronologiari buruzko ezagutza
sustatzea da. Ondarearen ahultasuna eta hori babesteak daukan garrantziaz kontzientziatzea, hiru erkidegoen artean ikasleen arteko elkarbizitza sustatzearekin batera.
Santimamiñera irteeraz gain, tailerrak eta Foruko multzo historikora eta Arrolako Oppidume eta Arrolagunera bisita gidatuak ere egin dituzte.
Eskola topaketa honen bigarren fasea da egunotan egiten ari dena. Aurreko urtean Lehen hezkuntzako laugarren, bostgarren eta seigarren mailako eta bigarren hezkuntzako lehenengo, bigarren, hirugarren eta laugarren mailako ikasleek hartu dute parte jardunaldi bietan.
Txapelketarako, gazteek turismo jasangarriaren ikuspegitik egindako 62 komiki eta hamazortzi bideo aurkeztu dituzte.