Estrobo auzian Bilboko epaitegiak emandako sententzia berretsi du Bizkaiko Lurralde Auzitegiak. Hala, auzi horretan epaitutako pertsonen absoluzioa berretsi du. Sententziarekin pozik agertu da Urdaibai klubeko presidente ohi Josu Zabalondo. Justizia egin dela uste du, eta hainbeste urteren ostean auzia behar bezala amaitu dela. “Arraunean erakutsi dugu zelako taldea garen, kontrol denak gainditu ditugu eta banderak eta estropadak irabazi ditugu”.
Akusazio partikularrak –Jose Luis Kortak– eta Ministeritza Fiskalak aurkeztutako apelazioa ez du tramitera onartu Bizkaiko epaitegiak; hala, bide hori agortu dutela ulertu du Zabalondok. Hala ere, momentu honetan partiduaren atsedenaldian daudela esan du: “Lehenengo zatia amaitu da, atsedenaldian gaude, eta bigarren zatia etor daiteke”. Hala, bere partetik neurriak hartzeko aukera aztertuko duela esan du Urdaibaiko presidente ohiak. “Urte askoan pairatu behar izan dugu prozesu judiziala, irainak entzun behar izan ditugu, eta abokatuetan diru asko joan zaigu”, dio bermeotarrak. Hartara, ordainik jaso dezakeen aztertuko du, “eta aukerarik balego, partida honek bigarren zatia izango du”.
Epaiak beraien alde egin arren, beraien irudia garbitu behar dutela dio Zabalondok, klubarena eta arraunlariena: “Ez dakit nola egingo dugun, baina gauzak ez dira esan duten modura gertatu; epaiak argi utzi du hori, baina guk ere zebait egin behar dugu gure irudia garbitzeko”.
Gaur egun klubeko zuzendaritza taldekoak direnek ere poztasunez hartu dute epaitegiaren erabakia. Hala ere, Zabalondoren ustez, asko luzatu da auzia, “eta gure aurkako gezur asko entzun behar izan ditugu”.
Urte guzti hauetan ondoan izan dituen horiei eskerrak eman gura dizkie Zabalondok. “Aurerrantzean itsasoan erakutsiko diegu zelako taldea garen, eta banderak irabazteko ahaleginak egingo ditugu”, dio.
2010ean arraunlarien errendimendua hobetzeko helburuagaz, Urdaibai taldean “dopin sare bat” antolatzea leporatuzieten auzipetuei. Hain zuzen ere, garai hartako presidente Josu Zabalondo, Jose Manuel Francisco entrenatzailea, Borja Garay medikua eta Arantza Ormaza erizaina epaitu dituzte auzi horretan, beste sei pertsonagaz batera.
2010.urtean Kontxako banderaren ostean (Urdaibaik irabazi zuen), Jose Luis Korta Kaikuren entrenatzaileak arraunlariak “dopatu” izana leporatu zien. Salaketa horren aurrean, Fiskaltzak ikerketa bat abiatu zuen.
Epaiketa egin eta 2015ean akusatuei absoluzioa eman zien Bilboko epaitegiak.