Iñaki Domingez 'Txomini' ongi etorria egin diote
Gernikako Pasealekuan egin zioten ongi etorri ekitaldia zapatuan Iñaki Domingez Txomini.Jai giroan Dominguez etxean aske dagoela ospatzeko eguna zela adierazi zuten, eta hark eta haren kideek ereindako haziari esker gaur egungo egoerara heltzea lortu ...
Jai giroan Dominguez etxean aske dagoela ospatzeko eguna zela adierazi zuten, eta hark eta haren kideek ereindako haziari esker gaur egungo egoerara heltzea lortu dela nabarmendu zuten.
Halaber, oraindik ere kartzeletan dauden euskal presoen zein Euskal Herritik kanpo dauden iheslarien egoera salatu, eta haien etxeratzea eskatu zuten.
Belaunaldi askotako herritarrak batu ziren eguerdiko ekitaldian. Agurra dantzatzeaz gain, bertso eta musika doinu artean eman zioten ondo etorria Domingezi. Hala, haren lagunek txirigota bat ere antzeztu zuten oholtza gainean.
Udalerriko gizarte eragile desberdinen ordezkarien opariak jaso zituen gernikarrak. Besteak beste, LAB sindikatuko, Sortuko, Geurerako zein Gazte Asanbladako ordezkariek hainbat oroigarri eman zizkioten. Tartean, Tasio marrazkilariak hark egindako karikatura bat oparitu zion.
Herri mugimenduen ordezkari moduan, Dominguezen belaunaldiko haren adiskide batek eta belaunaldi gazteagoko herritar batek hartu zuten hitza. Gernikar preso ohiak gaztetatik herriari egindako ekarpena laburbildu zituzten. Halaber, Iñaki Zugadi preso ohiak ere hitz egin zuen ondo etorrian.
Ekitaldiaren amaieran, Dominguezek hitz egin zuen. Besteak beste, Angel Aldana erbestean hildako muxikarra izan zuen gogoan, eta baita gaur egun etxetik urrun dauden preso eta erbesteratuak, nahiz dispertsio hori jasaten duten euskal herritarren senide eta lagunak ere. Pasealekuko ekitaldiaren ostean, ehunka lagun batu ziren Astran bazkaltzen.
Otsailaren 25etik libre
Dominguez otsailaren 25ean irten zen Jaengo (Andaluzia, Espainia) kartzelatik. Egun hartan, gernikarrak berak deitu zien senitartekoei aske utziko zutela esanez, eta haren gertukoak berehala abiatu ziren espetxerantz.
2011ko ekainean, Frantzian, Modanen, atxilotu zuten Dominguez (Milan eta Paris lotzen dituen trenean zihoala). ETAko kide izatea leporatuta. Frantzian lau urteko kartzela zigorra bete ostean, 2014ko ekainaren 1ean Espainiaratu zuten. Fernando Grande Marlascak ere Dominguezen aurkako sumarioa zabaldu zuen, ETAri laguntza ematea leporatuta.