Busturiko Gazte Egunak eskualdeko gazteak batu ditu
«Espero ez zuten besteko» giroa egon zela azaldu dute Busturiko Gazte Asanbladako kideak. Bertaratutako gazteek ondo baino hobeto aprobetxatu zuten eguna, Gaztetxeak domeka goizean zarratu baitzituen ateak.Busturiko Gazte Asanbladaren eskutik, udaler...
«Espero ez zuten besteko» giroa egon zela azaldu dute Busturiko Gazte Asanbladako kideak. Bertaratutako gazteek ondo baino hobeto aprobetxatu zuten eguna, Gaztetxeak domeka goizean zarratu baitzituen ateak.
Busturiko Gazte Asanbladaren eskutik, udalerriko zein inguruetako dozenaka gazte batu ziren zapatuan Axpe auzoko Otsozulo Gaztetxearen inguruan. Gazte Eguna ospatu zuten egun osoko egitaraua antolatuta, eta antolatzaileak «oso pozik» agertu dira egunak emandakoagaz.Iaz, Gaztetxera mugatu zuten egitaraua; aurten, baina, ondoko aparkalekua ere erabili dute kontzertuetarako, eta datorren urtera begira formatu horregaz jarraitzeko asmoa agertu dute, antolatzaileen arabera, «oso ondo atera delako».
Gaztetxean hasi zuten eguna, eta ondoren, Tukatukada Gernika-Lumoko batukada taldeak bi orduz girotu zuen Axpe auzoa. Gaztetxera bueltatuz, herri bazkarian bildu ziren 70 lagun inguru eta Mikel Retolaza, Ander Elortegi eta Julen Ibarguengoitia bertsolariek girotu zuten bazkal ostea.
Arratsaldean mus eta futbolin txapelketak eduki zituzten; sei bikote aritu ziren musean, eta futbolinean zuten abilezia erakutsi zuten izena eman zuten hamabi bikoteek. Txapelketak «arrakastatsuak» izan zirela azaldu dute. Txapelketak lehiatu bitartean, Elektromatxino elektrotxarangaren musikak dantzan jarri zituen gazteak.
Gazte Eguna aprobetxatu zuten gainera, Busturialdeko Gazte Asanbladek antolatu duten Busturialdean Lan eta Bizi proiektua aurkezteko; bideo bat jarri zuten Gaztetxean bazkal ostean, eta ondoren, gauean, playmobilak erabilita, ekitaldi bat egin zuten.
Zapatuan, «espero ez zen besteko giroa» egon zela azaldu dute. Eguna, gainera, domekara arte luzatu zen; izan ere, domekan, 09:30ean zarratu zituzten Gaztetxeko ateak, auzoa guztien artean garbitu ondoren.