Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren 2016 Bidea egitasmoa martxan da, eta dagoeneko lau etapa burutu dituzte. Domekan, Gernika-Lumo eta Durango artean egingo dute bosgarren saioa.
Martxoaren 27an, Donostia eta Zarautz arteko etapagaz ekin zioten ekimenari, eta urriaren 30ean egingo dute azken etapa Pasaia eta Donostia artean.
Partaideak Arratzuko Erdi Aroko Artzubi zubitik igarotzen. Argazkia: Goizalde Mendi Taldea.
Izan ere, 2016 bidea proiektuaren asmoa, 32 etapatan Euskal Herriko bost probintzia igarotzea da, ia 6.000 kilometro inguru eginez. Horietatik, bost etapa egingo dituzte Bizkaian.
Apirilaren 10ean, Debatik Markina-Xemeinera heldu zen ekimena, eta aurreko domekan, Markina-Xemeindik Gernika-Lumora arteko ibilbidea egin zuten.
Larrua lurraren kontra izeneko domekako laugarren etapan 110 bat herritarrek parte hartu zuten. Herri batean zein bestean frontoiak eta pilotak izan duen garrantzia gogora dakar izenburuak.
Ibilaldian Euskal Herriko txoko desberdinetako bizilagunek hartu zuten parte. “Donostiatik autobus bat beteta etorri zen, eta beste autobus bat ere ia bete zen. Gernikatik hamabost pertsona inguru joan ginen, eta Markiñatik ere jende nahikotxo animatu zen”, zehaztu dute Goizalde Mendi Taldetik.
Olazarrako burdinolatik pasatu ziren.
Argazkia: Goizalde Mendi Taldea.
Hain zuzen ere, Gernika-Lumoko Goizalde Mendi Taldearen eta
Club Camping Vasco-Navarroren gidaritzapean burutu zuten ibilaldia. 25 kilometroko ibilaldia egin zuten partaideek, Markina-Xemeingo Kareaga industrigunetik irtenda, Ziortza-Bolibar, Munitibar, Mendata, eta Arratzu, eta Ajangiztik igaro ziren Gernika-Lumora heldu aurretik.
Rober Garay artista gernikarraren eskutik
Land Art ibilbidea ezagutzeko aukera izan zuten parte hartzaileek. Ziortza-Bolibarko plazan,
Land Art-en lantzen den kontzeptu orokorraz mintzatu zen Garay. Munitibarko plazan egin zuten bigarren geldialdian, artea paisaiaren interpretazioaren arabera azaldu zuen, eta azkenik, Arratzuko Elexalde auzoan hark egindako sorkuntzak azaldu zituen. Errekan harriekin osaturiko eskultura bitxiak egin zituen gernikarrak.
Rober Garay artistaren sormen lanak. Argazkia: Goizalde Mendi Taldea.
Gernika-Lumora ailegatzean, Jaia Alai frontoian zesta-punta erakustaldiaz gozatu, eta batzuek zesta-puntan duten abilezia frogatzeko aprobetxatu zuten. Jai Alai zesta punta eskolako gaztetxoen bi bikotek partida bat jokatu zuten, eta halaber, eskolako kideen eskutik frontoiak arkitektonikoki duen garrantzia ezagutzeko aukera izan zuten.
Ajangiztik Gernika-Lumorako bidean. Argazkia: Goizalde Mendi Taldea.