Imperialismoaren aurka, herrien arteko elkartasuna lelopean elkarretaratzea egin zuten atzo iluntzean Busturian, Axpe auzoan.
Laia herri mugimenduak deituriko elkarretaratzean, Siriako errefuxiatuen egoera ozen salatu, eta haiei laguntzearen beharra aldarrikatu zuten.
Laia herri mugimenduak Siriako errefuxiatuekiko sentsibilizazio eta elkartasun kanpaina abiatu berri du Busturian, eta herritarrei dei egin diete haien elkartasuna adierazi, eta haien ekarpenak egin ditzaten: “Lan honetan herriko elkarte, udal ordezkari zein herritarrak gonbidatu nahi ditugu. Gure txikitasuna eta urruntasun fisikoa ez dira lan honetan ez aritzeko aitzakia izan behar. Siriako gudaren ondorioz, errefuxiatuek pairatzen duten egoera salatu, eta beraiekiko elkartasuna eta laguntzeko prestutasuna adierazi nahi dugu”.
Herri mugimenduaren arabera, gudak “interes geopolitiko” eta kapital handien “mesedetan” sortzen dira, biztanle zibilak izanik gatazka hauen biktima nagusiak.
Axpe auzoko autobus geltokiaren parean bildu ziren herritarrak atzo. Argazkia: Laia herri mugimendua.
Halaber, nabarmendu dute euskal herritarrak ere errefuxiatuak izan zirela orain dela hamarkada batzuk: “Gu ere errefuxiatuak izan gara. 1939an, estatu kolpe militarraren ondorioz, 500.000 pertsona inguruk zeharkatu zuten Frantziarako muga. Horietariko 7000 inguru euskal herritarrak izan ziren, zortzi bat busturiarrak. Gehienak konfinatuak izan ziren kontzentrazio eremuetan baldintza penagarrietan, asko hil egin zirelarik. Beste batzuk zorte hobea izan zuten eta eskuzabaltasunez hartu zituzten Ameriketako hainbat herrialdetan”.