«Familia txiki bat izan gara, eta hori kantxan nabaritzen da»
Egin duten denboraldiagaz pozik da Naiara Diez (Altsasu, Nafarroa, 1987) Gernika Bizkaiako kapitaina. Talde lana eta zale gernikarren babesa nabarmendu ditu nafarrak.Denboraldia seigarren amaitu berri duzue. Zelako balorazioa egiten duzu?Denboraldia os...
Egin duten denboraldiagaz pozik da Naiara Diez (Altsasu, Nafarroa, 1987) Gernika Bizkaiako kapitaina. Talde lana eta zale gernikarren babesa nabarmendu ditu nafarrak.
Denboraldia seigarren amaitu berri duzue. Zelako balorazioa egiten duzu?Denboraldia oso ondo joan da. Baina, gure ustez agian bizpairu partida gehiago jokatu behar izan ditugu. Izan ere, momentu oso onean geunden eta liga sentsazio horrekin bukatu dugu. Denboraldi osoan berdintasuna egon da zenbait talderen artean, eta, ikusi dugunez, play off-ean sartu den sailkapeneko laugarrenak guk baino partida bat gehiago irabazi du soilik. Hala ere, aurten oso ondo pasatu dugu, eta merezitako seigarren postua dugu. Kopan eta play off-ean sartu nahi genuen, baina, sailkapenean seigarren gaude merezi dugulako. Liga erregular batean beti bukatzen duzu merezitako postuan.
Berdintasun horren adierazle da hirugarren eta bosgarren sailkatuek zuek baino puntu bat gehiago baino ez dutela.
Hor ikusten da zelako berdintasuna egon den, zer-nolako partidak egin ditugun, eta denboraldi osoan zein lan ona egin dugun hor goian egoteko. Gure momenturik txarrena, agian, Zamorako eta Ferroleko partidetan etorri zen. Zamoraren kontrako partida galdu genuen etxean, eta aurkari zuzen bat zen. Gero, Ferroleko kantxa oso gaitza da, baina bagenekien irabazi genezakeela. Zaragozan ere puntu batengatik galdu genuen, gure azken jaurtiketa arotik atera zelako. Une txarrak kenduta, agian, laugarren jarriko ginen sailkapenean eta play off-ean sartu, baina kirola horrelakoa da. Pozik gaude; aurreko urteko emaitzak hobetu ditugulako. Hobera egin behar dugu urtez urte.
Bi denboraldi Emakumezkoen Ligan, eta bietan seigarren amaitu duzue.
Bai, balorazioa oso positiboa da. Gure momenturik onenean, Erregina Koparako sailkatzeko laugarren bukatu genuen lehen buelta. Lehen laurek jokatzen dute Kopa, baina, Donostian jokatu zenez, bertako taldeak zuen lekua, eta ondorioz, etxeko taldeagaz batera, lehenengo hirurek jokatu zuten. Guretzat notizia txarra izan zen. Baina aurreko denboraldiko emaitzak hobetu ditugu; hori dela eta, oso pozik egoteko arrazoiak ditugu. Denboraldi bikaina izateko zertxobait falta izan zaigu, baina, oro har, oso-oso ona izan da.
Taldearen kapitaina zarenez, zer nabarmenuko zenuke?
Nik uste dut gakoa beti talde sendoa izatea dela. Denboraldi honetan ez dugu izarrik izan, eta talde sendo bat izan behar ginela argi genuen. Guztiok genekien zer-nolako giroa izango genuen eta zer-nolako taldea izan behar ginen. Badakigu gure taldeak defentsan beti gogor egon behar duela. Gure intentsitatean eta asteroko lanean dago gakoa. Egunero-egunero lan gogorra egin, eta egunero jokalari hobea izaten saiatzen gara. Talde lana da gakoa. Lan asko egin dugu, gure entrenamenduak oso gogorrak izan dira, eta uste dut polibalentzia dela gakoa. Gainera, gure arteko harremana oso ona da. Familia txiki bat izan gara, eta hori kantxan nabaritzen da. Elkarri laguntzen saiatzen gara, talde trinko bat izaten, eta lan asko egiten. Badakigu defentsa gure alderik onena izan behar dela partidak irabazteko, eta erasoan egoerak ondo irakurri.
Eta zer falta izan zaio taldeari, edo zertan huts egin du?
Denboraldia oso luzea da, eta bi edo hiru astetan ez genuen ondo jokatu. Defentsan akats asko egin genituen, eta irabazi behar genituen partidak galdu genituen. Konfiantza galdu genuen pixka bat. Zure jokoa galtzean txarto pasatzen duzu, baina orokorrean denboraldia oso ondo joan da. Uste dut, agian, gure momentu txarrak momenturik txarrenean etorri zirela, partida oso garrantzitsuak zirelako galdu genituenak.
Malosten beti jendetza batzea ere lortu duzue.
Hitz batean esanda, ikaragarria izan da zaleen babesa, eta hori eskertzekoa da. Gernikara etorri nintzenetik beti ikusi dut hemen afizio handia dagoela, baina, aurten ikaragarria izan da. Kalean ere animoak jasotzen ditugu. Guztiek ezagutzen gaituzte; Gernikako zaleak ikaragarriak dira. Maloste beteta egon da beti, eta harmaila berri bat jarri behar izan dute. Ez hori bakarrik; irabazi zein galdu, hortxe daude. Partida batzuk, nire ustez, Malostek irabazi ditu edo bultzada eman digu irabazteko. Malosten bakarrik ez, Logroñora, Donostiara edota Errioxara goazenetan ere Gernikako jendea joaten da, eta etxean bezala sentitzen gara. Uste dut, Salamanca kenduta, Malosteen sartzen dela jende gehien, eta gehien animatzen duena da.
2013an etorri zinen hona, eta hemen oso estimatua zara.
Bai, Gernikan oso gustura nago. Etxetik kanpo urte askoan egon naiz, baina, Gernikan nire estabilitatea aurkitu dut. Nire familia Gernikara datorrenean ere oso integratuta dago, eta hori niretzat oso garrantzitsua da. Bigarren etxea edo nire etxea Gernika da orain. Oso ondo sentitzen naiz herrian, jendearekin, taldearekin eta klubean bertan.
Gainera, Mario Lopez entrenatzaileak zugan konfiantza duela erakutsi dizu kapitain izatearen ardura emanda.
Asko eskertzen diot Mariori, berak nahi duelako naiz kapitaina. Nire hirugarren urtea izan da taldean, eta kapitain izatea ohorea da. Kapitaina lehenengo burua da; gauzak esan edota konpondu behar dituena. Gauzak ondo egiten direnean pistan ikusten da.
Hona etorri aurretik ere bazenuen esperientzia Emakumezkoen Ligan.
Zaragozako Mann-Filterren jokatu nuen 18 urtetik 22 urtera. Gero, Emakumezkoen Ligara bueltatu, eta Iruñan egon nintzen lau urtez. Krisiaren eraginez, pertsiana itxi zuten, eta nire lehen aukera hau zen. Proiektu ona ikusi nuen Gernikan.
Kontratuak urtez urte berritzen dituzue. Hurrengo denboraldian hemen jarraituko al duzu?
Oraindik goiz da ezer zehazteko; liga bukatu berri dugu, eta orain saskibaloia apur bat burutik kentzea tokatzen da. Oraindik ez dakigu ezer, eta hitz egingo dugu; ikusiko dugu zer gertatzen den.