Eskolarteko dantzari eguna egingo dute domekan, Gernika-Lumon. Herriko ikastetxeetako dantzari txikiak batu eta dantza saioa esakainiko dute. Aurten, baina, Merkatu plazan izango da emanaldia, Urbietan izan beharrean.
Bost ikastetxeetako ikasleak batuko ditu domekako ekimenak. 11:00etan batuko dira denak, Pasealekuan. Handik, kalejiran joango dira, elkarrekin, Merkatu plazaraino.
Behin plazara helduta, beraientzat zehaztutako tokian jarriko dira, eta dantza saioari emango diote hasiera, 11:30ak aldera.
Hamalau dantza
San Fidel, Seber Altube, Mertzede, Allende Salazar eta Barrutiako ikasle dantzariak izango dira protagonista domekako ekitaldian. Dantzariei laguntzen, Errenteriako Gazteak Taldea eta Segundo Olaeta Musika Eskola izango dira. Hain zuzen, horiek izango dira ikasleek dantzatuko dituztenei doinua jartzearen arduradunak.
Lau multzo izango ditu dantza emanaldiak, eta, guztira, hamalau dantza egingo dituzte. Ohikoa den legez, Dantzari dantzak zabalduko du saioa; hain zuzen, Agintariena, Ezpata joko txikia, Banangoa eta Txotxongiloa dantzatuko dituzte eskola umeek. Bigarren multzoan Makil joko I eta II, eta korroko dantzak egingo dituzte: Txulalai, Zapatain dantza eta San Petrike, hain zuzen ere.
Gipuzkoako makil txikia, Euzko dantza, Arku dantza eta Zinta dantza izango dira ondoren datzatuko dituztenak. Eta, azkenik, Behenafarroako martxarekin emango diote amaiera dantza emanaldiari.