Atzo egin zuten herri batzarrean ekarpen eta proposamenak jaso zituzten batzordekoek. Parte hartzea handia izan zela azaldu dute; 40 pertsona inguru batu ziren, arlo ezberdinetakoak, gainera: eskoletako jendea, gurasoak, udaleko ordezkariak, elkarteetakoak…
Eskola Bidearen mapa aurkeztu zuten atzoko batzarrean, eta hurrengoan mapa hori zehaztuko dute; alegia, Eskola Bidea zein izango den erabakiko dute. Maiatzaren 19an egingo dute bigarren herri batzar hori, 18:00etan, Astran. Bitartean, baina, eskola bakoitzak bere sarbideetako azterketa egin beharko du datozen bi asteetan. Mertzede ikastetxeak egin du dagoeneko, Seber Altubek hilaren 20an egingo du bilera, 17:00etan eta Allende Salazar ikastetxeak hilaren 28an, 18:00etan. Gainontzekoek ere hurrengo asteetan egin beharko dute. Eguna ez, baina Gernika BHI Institutuak zehaztu du Agenda 21ekoekin batera egingo dutela; hala, ikasleek ere parte hartuko dute azterketa horretan. San Fidel ere bideratzen ari da sarbideen azterketa, eta Barrutiako ikastetxe eta institutuak ere datozen asteetan egingo dute. Apirilaren 29an batuko dituzte ikastetxeetan egindako batzarretan ondorioztatutakoa.
Bestalde, Eskola Bidea Eguna ere antolatu dute. Maiatzaren 27an izango da; eskola denak batu, eta hainbat jarduera eta tailer egingo dituzte, Pasealekuan. Hain zuzen, proeiktua eta bidea bera herritarrei aurkeztea eta sentsibilizazioa lantzea izango da egun horren helburua.
Ikasturtea amaitu aurretik, gainera, Eskola Bidearen proba pilotua egingo dute; ekainaren 6tik 10erako astean izango da.