Ekimen xumea izatea espero zuten, baina elkartasun uholdea bilakatu da. Gernika-Lumoko Bat Ez da Gitxi herri ekimenak Idomeniko (Grezia) errefuxiatuen gunera bidaltzeko arropa eta materiala biltzeko kanpaina deitu zuen Aste Santurako.
Etxez etxeko bilketa egin zuten, eta erantzuna izugarria izan zela diote. Herri ekimeneko kide Xabier Bilbaok azaldu duenez, Ajangizko Maier enpresa hasi zen materiala biltzen, eta beraien aletxoa jarri nahi zuten. «Telefono zenbakia eman eta etxez etxeko bilketa egitea zen asmoa, gero, batutakoa Maierrera eramateko».
Telefono deiak, baina, ugariak izan ziren, eta batutako guztiari irtenbidea nola eman asmatu behar izan zuten. «Eskerrak Astraren laguntza izan dugun; horrela, batutako material dena hango bigarren solairuan bildu ahal izan dugu», dio Bilbaoren kidea den Maitane Uriartek.
Gernika-Lumon bakarrik ez, Bermeon eta Muxikan ere bilketak egin zituzten Besaldek eta Erdu Gazte taldeak, egun horietan. Hala, Gernikatik Bermeora eta Muxikara ere jo zuten, hango materiala batu eta Astrara ekartzeko. «Kamioikadak batu genituen», diote. «1.400 biztanlde dituen Muxika bezalako herri txiki batek kamioi oso bat bete zuen. Hori izugarria eta eskertzekoa da, Erdu Gazte Taldeak herri osoa mobilizatu zuen», diote. Materiala batzeko lanean ibili ziren boluntarioak ere gogoan dituzte: «Adin guztietako jendea izan zen laguntzen, 14 urteko gazteak zein 60 urtera arteko herritarrak».
Trailer bat Greziara
Besaldek Bermeon ere herria mobilizatu zuela diote Bat Ez da Gitxi ekimeneko kideek. «Materialaren bila joan ginenean San Frantziskoko etarteak bete-bete zeuden». Gainera, bermeotarren prestutasuna txalotu dute: «40 pertsona zeuden lanean, eta 22:00etan horietako batzuk Gernikara jo zuten guri kamioia hustutzen laguntzeko», diote.
Astran batu, eta Astran sailkatu zituzten hurrengo egunetan Idomenira bidaltzeko materiala. Dena kaxetan batuta, esperoan daude orain. «Maier enpresara jo genuen laguntza eske. Materiala garraiatzeko trailer bat eskatu genion, eta laguntzeko prest agertu dira». Datozen asteetan trailer hori bete eta Idomeirainoko bidea egingo du.
Han, Grezian, Galdakaoko boluntario talde bat izango du zain. «Beraiek ere material eta diru bilketa egin dute, eta Idomenira kontainerrak bidaliko dituzte. Bitartean, baina, bi furgonetatan Idomenira joan dira, eta beraiek bidalitako maateriala heldu bitartean logistika lanetan lagunduko dute». Bat Ez da Gitxikoek Galdakaoko boluntario taldeari ere laguntza eskatu dio, Gernikako kamioia heltzen denean materiala modu egokian banatzen dutela gainbegiratzeko.
Botiken premia
Era berean, Forgotten in Idomeni Gobernuz Kanpoko Erakudearekin harremanetan dira, eta haiei esker izaten dute Idomein gertatzen ari denaren berri; baita, errefuxiatuek unean unean dituzten beharrizanen berri. «Arropa ez ezik, botikak ere behar dituzte, baina horiek bidaltzea arriskutsua da». Arropak merkatu beltzean amai dezakeela kontziente dira; botikak errazago. Horregatik, diru bilketa egin gura dute, Forgotten in Idomeni erakundearen bitartez errefuxiatuen osasun egoera hobetzen laguntzeko. «Beraiek erosten dituzte momentuan behar dituzten medikamenduak».
Materiala eta dirua bidaltzeko prozesua modu garden eta fidagarri batean egin gura du Bat Ez da Gitxi ekimenak, eta informazio eguneratua gura duenak ekimenaren Facebook orrialdean lor dezakeela azaldu dute.
Bilketak han eta hemen
Aste Santu ostean ere errefuxiatuak laguntzeko material bilketak egin dituzte beste herri batzuetan; Mundakan, Ean eta Ibarrangeluan, esaterako.
Mundakan, Donostian jaiotako Zaporeak proiektuagaz bat egin eta elikagai eta diru bilketa egin dute. Intxaurrondoko gastronomia elkartearen bitartez, bildutakoa Chios (Grezia) irlara bidaliko dute, hara heltzen diren errefuxiatuak laguntzeko. Ean eta Ibarrangeluan, aldiz, haur eramangailuak bildu dituzte. Donostian sortutako Portabebes para Siria ekimenarekin bat egin, eta u meak eramateko gailu horiek batzeko iniziatiba hartu zuten.
Elkarretaratzea
Busturiara ere heldu da elkartasun uholdea. Laia herri mugimenduak Siriako errefuxiatuekiko sentsibilizazio eta elkartasun kanpaina hasi du. Diotenez, 1939ko estatu kolpe militarraren ondorioz, 7.000 euskal herritar inguruk Frantziako muga igaro zuten, 8 bat busturiarrak. «Gehienak kontzentrazio eremuetan izan zituzten, baldintza penagarrietan, eta asko hil egin ziren».
Inperialismoa salatu eta errefuxiatuei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egingo dute gaur, 20:00etan, Axpeko autobus geltokian.