Antxoa barra-barra lehorreratu dute asteon Ondarroako portuan
Azken hiru egunotan 730 tona antxoa baino gehiago deskargatu dira Egidazu Kaian. Ontziak hornitzeko izotzik gabe jarraitzen dute, izotz fabrikako istripua eta hilabeteraEgunotan antxoa asko lehorreratu dute Ondarroako Egidazu Kaian. Azken egunak oso op...
Azken hiru egunotan 730 tona antxoa baino gehiago deskargatu dira Egidazu Kaian. Ontziak hornitzeko izotzik gabe jarraitzen dute, izotz fabrikako istripua eta hilabetera
Egunotan antxoa asko lehorreratu dute Ondarroako Egidazu Kaian. Azken egunak oso oparoak izan dira, eta antxoa kanpainako kopururik gehien lehorreraratu dute egunotan. Kalare Deuna kofradiako arduradunek igorritako datuen arabera, asteon 730 tona antxoa porturatu dituzte baxurako ontziek.Azken hiru egunotan antxoatan dabiltzan arrantzontzien joan-etorria handia izan da, gainera. Portua, esaterako, ohi ez modura, ontziez beteta egon da. Portua ez eze, kostaldea ere ontziz beteta ikusi da egunotan. Martitzen gauean, esaterako, arrantzan zebiltzan baxurako ontzien argiek bete zuten itsasoko ortzimuga. Mutrikutik hasi eta Lekeitio bitartean arrantzontziak sareak botatzen ikusi ahal ziren.
Handixeago ere bai
Kofradiako datuei erreparatuz, martitzenean 267.000 kilo antxoa saldu ziren bentan. Tamaina aldetik, oro har, txikia izan zenez, merke saldu zen. Bataz beste, kiloa 1,50 euroan saldu zen. Eguaztenean, ostera, harrapatutako arraina handiagoa izan zenez, kiloan 27-37 ale ingurukoa garestiago saldu zen. Alerik txikienak 2,70 euroan saldu ziren eta handienak, ostera, 6,80 euroan kiloa; bataz beste, 3,05 euroan. Guztira, 283.000 kilo porturatu zituzten, martitzenean baino zer edo zer gehiago.
Atzo ere harrapaketa kopurua handia izan bazan ere, aurreko bi egunotan baino zer edo zer gutxiago saldu zen bentan. Guztira, 180.000 kilo. Tartean, ale handiren bat edo beste egon bazen ere, oro har, antxoa gaztea saldu zen, kiloa 40-50 ale ingurukoa. Hortaz, antxoaren prezioak eguztenetik eguenera nabarmen behera egin zuen; bataz beste, 1,46 euroan saldu zen kiloa.
Antxoa gutxiago saldu bazen ere, atzo ere, bizi-bizi egon zen portua. Gutxi gorabehera, 40 ontzi porturatu ziren. Han eta hemen, ilada luzeak sortu ziren. Ontzi gehienak, 10:00ak bueltan sartu ziren, aldi berean, eta hortaz, portuan lotu eta arraina deskargatzeko batak bestearen zain egon behar izan zuten. Horrez gainera, antxoa kontatzerako eta pisatzerako orduan ere, ilada luzeak egon ziren. Portuan ez eze, arraindegietan ere ilada luzeak ikusi ziren eguerdian, antxoa freskoa erosteko zain.
Izotz barik
Bestalde, ontziak hornitzeko izotzik gabe jarraitzen dute portuan, Santa Klara izotz fabrikako istripua gertatu eta hilabetera. Eusebio Arantzamendi kofradiako presidenteak nabarmendu duenez, «ahal duten tokitik» ari dira izotza kamioetan ekartzen.
Besteak beste, Lekeitiotik eta Getariatik ari dira izotz ekartzen Ondarroara.