XV. Plazatik Gaztetxera Txapelketa Ondarroara ailegatuko da domekan
Bertsolari txapelketa bihar hasiko da, Eibarren. Ondarroan estreinako jokatuko da kanporaketa saio bat. Markina-Xemeinen finalerdi bat jokatuko da, eta Mutrikun finalaBihar hasiko da XV. Plazatik Gaztetxera bertso txapelketa, Eibarren. Orain arte egin ...
Bertsolari txapelketa bihar hasiko da, Eibarren. Ondarroan estreinako jokatuko da kanporaketa saio bat. Markina-Xemeinen finalerdi bat jokatuko da, eta Mutrikun finala
Bihar hasiko da XV. Plazatik Gaztetxera bertso txapelketa, Eibarren. Orain arte egin modura, Markina-Xemeingo eta Mutrikuko gaztetxeak txapelketaren lekuko izango dira. Aurten, baina, estreinako, Ondarroak ere ekimenarekin bat egin du eta kanporaketa bat bertan jokatuko da. Zapatuan izango da hori, Anaitasuna tabernan.Aurten 32 bertsolarik parte hartuko dute txapelketan, eta bikotekako formatuan ariko dira. Txapelketa zazpi saiotan egongo da banatuta eta horiek guztiak 22:30ean hasiko dira; aurretik gaztetxean afaltzeko aukera egongo da (20:30ean).
Zazpi gazte asanbladek antolatzen dute txapelketa, eta horiek jakitera eman dutenez, txapelketaren helburuak hasiera bateko berdinak izaten jarraitzen dute: Euskal Herriko bertsolari gazteei kantatzeko aukera eman, bertsoa gazteengana hurreratu eta gaztetxeak aurreko bi helburuak lortzeko tresna gisa erabili.
Halaber, bertso txapelketa formal eta lehiakorren aurrean bestelako eredu bat bultzatu nahi dutela diote. «Plazatik Gaztetxera eredu berriak martxan jartzeko gune gisa ikusten dugu, eta nahiz eta txapelketa bat den neurrian lehia egon, eredu formal lehiakorraren planteamendua alde batera laga nahi izaten dugu».
Berrikuntzak
Aurten, gainera, saioak epaitzeko sisteman berrikuntzak egongo direla azaldu dute: bertso bakoitzari epaile talde batek puntuazio jakin bat eman beharrean, 5-7 pertsonek osatutako publikoko talde batek (aurretiaz aukeratuko dena) gehien iritsi den edo transmititu duen bikotea aukeratuko du. «Ez gara matematiketan sartuko puntuak batzen».
Txapelketak hiru fase edukiko ditu. Lehenengo fasean lau kanporaketa jokatuko dira, eta bakoitzean lau bikotek parte hartuko dute. Guztira, beraz, hamasei bikotek parte hartuko dute lehenengo fasean (32 bertsolari). «Publikoak eta publikoko kideekin osatutako talde bereziak aukeratuta, saio bakoitzetik bi bikote pasako dira finalerdietara».
Bigarren fasean bi finalerdi jokatuko dira horietako bat Markina-Xemeinen, eta bakoitzean lau bikote ariko dira. «Kanporaketetako logika mantenduko dugu, eta modu berean aukeratuko dira finalera pasako direnak (saio bakoitzeko bi)».
Saioan sailkatu direnak talde bereziak eta entzuleek aukeratutakoak izango badira ere, biek bikote bera aukeratzen badute, talde bereziak egindako zerrendan bigarren dagoen bikotea sailkatuko da.
Ariketak
Finala Mutrikun jokatuko da, maiatzaren 21ean. Egun horretan, gainera, Plazatik Gaztetxera eguna ospatuko da eta finala horren baitan jokatuko da.
Bertsolariek saioetan egin beharreko ariketei dagokienez, aldaketa batzuk egin dituzte antolatzaileek. Ondokoak izango dira: hasierako agurra; zortziko handian hiruna bertso (bertsolari guztiek); zortziko txikian hiruna bertso (bertsolari guztiek); herri bakoitzeko berba asmatzeko ariketa (bikote bakoitzari bina berba); gaia emanda launa kopla; bakarka bina bertso.