Umeen Hondartzako Txapelketako finalak jokatuko dira domekan
312 jokalarik hartu dute parte Lekeitio Futbol Taldeak antolatu duen 40. txapelketan. Finalak 09:00etan eta 10:00etan jokatuko dira, eta sariak banatuko dituzte ondorenAste Santuko oporretan hasita futbol jokalari gaztez bete da Lekeitioko hondartza. A...
312 jokalarik hartu dute parte Lekeitio Futbol Taldeak antolatu duen 40. txapelketan. Finalak 09:00etan eta 10:00etan jokatuko dira, eta sariak banatuko dituzte ondoren
Aste Santuko oporretan hasita futbol jokalari gaztez bete da Lekeitioko hondartza. Aurten ere, gogo handiz hartu dute, bai jokalari zein guraso eta herritarrek, Lekeitio Futbol Taldeak antolatu duen 40. Umeen Hondartzako Txapelketa.Guztira 312 jokalarik hartu dute parte aurtengo norgehiagokan, hamazazpi taldeetan banatuta: aurrebenjaminenen lau talde egon dira, benjaminenak bost talde, alebinenak bost talde eta txikienak hiru talde. Finalistak erabakita daude eta azken partidak domekan jokatuko dira, 09:00etatik aurrera.
Parte hartzaile guztiek edukiko dute saria, eta banaketa, domekako finalen ostean egingo da. Beragaz batera zozketa bat ere egingo dute, «opariak eta antolaketa gastuak ordaindu ahal izateko». Sari banaketan Futbol Federazioko eta Athletic taldeko ordezkariak egongo direla aurreratu dute Lekeitio FT-ko arduradunek. Horiez gain, nagusien taldeko jokalariak izango dira sariak ematearen arduradunak, taldearen ordezkari modura.
Urte askotako txapelketa
40 urte dira jada Lekeition, Hondartzako Futbol Txapelketak antolatzen hasi zirela, eta ezinbesteko bihurtu dira askorentzat. Nagusien mailara arte egiten ziren hasieran, baina, urte batzuk badira, jokoa eskolarte mailan gelditu zenetik. Umeen artean onespen handia izaten jarraitzen du eta horren erakusle da izaten duen parte hartze handia.
Lekeitiora oporretan edo aste buruetan etortzen diren bisitariak ere onartzen dituzte, eta horien artean ere ohitura bihurtuta dago txapelketa. Gero eta gehiago dira, gainera, txapelketara batzen diren neskak. Aurten 44 neskak parte hartu dute, jokalari guztien %14 izan dira, eta urtez urte gehiago izatea espero dute Lekeitio Futbol Taldekoek. Hala ere, mutilen kopurutik urrun daude oraindik: 268 mutilek parte hartu dute 40. hondartzako txapelketan, %86 izan dira.
Lekeitio Futbol Taldeko arduradunek antolaketan lagundu duten guraso eta jokalarien lana eskertu nahi izan dute. «Jokalariak epaile lanetan ere ibili dira eta gurasoek hondartzako azpiegiturak prestatzen lagundu dute».