Musikaia Egunak musikaz beteko ditu bihar, Lekeitioko kaleak
Herria alaitzeko asmoz, musikaz betetako jaia antolatu du barikuan, Lekeitioko Musikaia Musika Eskolak. Kalejira bi egingo dituzte hasteko, herrian zehar, eta gero, plazan elkartuko dira eskolako musikariak. «Musikaia Eguna musika eskolan parte hartze...
Musikaia Musika Eskola gero eta indar eta grin gehiagorekin dagoela ikusten dute. «Hori plazaratu eta herriko kultura aktiboan parte hartze handiagoa izateko gure musika kalera ateratzea pentsatu dugu», azaldu dute musika eskolako zuzendariek.
Kalerik kale
17:00etan irtengo dira kalejirak Nautikatik eta herriko plazan elkartu arte musika zabalduko dute herriko txoko guztietara. Trikitixa taldea portu aldera abiauko da, eta gitarra, flauta, biolin eta klarinete taldea berriz, herri barrura. Azkenik, guztiak plazan elkartuko dira.
Guztiek batera, emanaldi txiki bat eskainiko dute Independentzia plazan, eskolako koral txiki, korala, musika tresna ezberdinak eta Banda txikiren eskutik. «Lekeitioko abesti herrikoiak abestu eta dantzatuko ditugu besteak beste, eta emanaldia amaitu ostean txokolatada eskainiko dugu, eskolako ikasle zein gurasoentzat».
Guraso, herritar eta ikasle guztiak gonbidatu dituzte, «herria alaitzeko asmoz sortutako jaira».