Lehenengo lapiko txapelketa antolatu dute zapaturako
Hiru motako indabak prestatu ahalko dituzte parte hartzaileek: tolosarra, pinta edo nabarra eta Bizkaiko tolosarra. Zapatuan eman behar da izena, 09:00etanAlde Zaharra bizirik elkarteak lehenengo lapiko txapelketa antolatu du zapaturako, eta Bermeoko A...
Hiru motako indabak prestatu ahalko dituzte parte hartzaileek: tolosarra, pinta edo nabarra eta Bizkaiko tolosarra. Zapatuan eman behar da izena, 09:00etan
Alde Zaharra bizirik elkarteak lehenengo lapiko txapelketa antolatu du zapaturako, eta Bermeoko Alde Zaharrean bertan batuko dira parte hartzaileak; hain zuzen ere, Goiko Plazan, eta Ertzilla eta Irakaskintza kaleetan. Izan ere, txapelketa honen bitartez, Alde Zaharra dinamizatzea dute helburu.Indaba lapikoak prestatu beharko dituzte parte hartzaileek. Parte hartu gura duten horiek zapatuan bertan eman beharko dute izena; 09:00etan Goiko Plazako Kabidxen. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 30 pertsonak esan dute jada parte hartzera animatuko direla.
Hiru motako indabak prestatzeko aukera izango dute parte hartzaileek: tolosarra, pinta edo nabarra eta Bizkaiko tolosarra. Indabaz gain honako osagaiak onartuko dituzte: patatak, barazkiak, urdaia, txorizoa, odolostea, txarri produktuak, saiheskia eta behi magala. Antolatzaileek azaldu dutenez, ez da derrigorrezkoa osagai guztiak erabiltzea. Txorizoa, odolostea eta urdaia dira derrigorrez erabili beharrekoak.
Derrigorrezkoa izango da indabak lapikoan egitea, presioko lapikoetan egindakoak kanporatu egingo baitituzte.
Kilo bat indaba
Aurkeztu beharreko gutxieneko kantitatea kilo bat izango dela azaldu dute antolatzaileek, eta lapikoak prest eduki beharko dituzte 13:00ak eta 13:30ak bitartean.
Kalean prestatu beharko dira indaba lapikoak; etxetik zeozer prestatuta eroateagatik kanporatu egingo dituzte parte hartzaileak. Gasa, ikatza zein egurra erabilita prestatu ahalko dituzte lapikoak. Txokoetan prestatzea ere posible dela diote, antolatzaileen kontrolpean baldin badaude.
Txapelketa antolatzeko Xabier Bilbao sukaldariaren laguntza dute antolatzaileek.
Lapiko onenentzako sariak ere banatuko dituzte. Lapiko gozoenaren sukaldariak txapela, aurreko mantala eta bazkaria jasoko du saritzat. Bigarrenak aurreko mantala eta bazkaria jasoko du, eta hirugarrenetik hogeigarrenera ere sari bereziak banatuko dituztela azaldu dute.