Bermeoko Gure Esku Dagok (GED) Eskura plana aurkeztu die herritarrei. Nestor Basterretxea aretoan egin zuten domekan aurkezpena, eta aretoa bete egin zuten. Prozesuan, elkarlana «beharrezkoa» izango dela azaldu zuen Ana Tere Bengoetxea Bermeoko GEDren lan taldeko kideak. Haren esanetan, gainera, «helburuetako bat galdeketa bada ere, horraino iristeko prozesua parte hartzailea eta jendetsua izatea da beste helburuetako bat».
Alex Zenarruzabeitia Bizkaiko GEDren arduraduna ere izan zen aurkezpenean. Harek azaldutakoaren arabera, Eskura planak hiru fase ditu: Adierazpena, Ituna eta Erabakia. Adierazpenean, «herriak erabakitzeko eskubidearen ingurun daukan nahaia adieraziko da». Hala, Bermeon, apirilaren 30ean, Adierazpena lantzeko ekimen parte hartzailea egingo dute, «ahalik-eta herritar gehienekin lantzeko eta adosteko». Gizarte eta Kultura Etxean batuko direla azaldu dute, 11:00etan. Ondoren, ekainaren 19an, 12:00etan, Lameran batuko dira eta Adierazpena herriratzeko jaialdia egingo dute.
Ituna, «akordioa» dela dio Zenarruzabeitiak, «eta sentsibilitate ezberdinen arteko akordioen bilgune izan beharko litzateke», azaldu du. Bigarren fase hori udazkenean egingo dute Bermeon. Ondoren, galdeketarako batzordea sortuko dute, hirugarren geltokira iristeko, Erabakira. «Aurretik egindako lan guztiaren leherketa izango da», esan du Zenarruzabeitiak. Bermeon eta Busturian, hain zuzen ere, 2017ko apirilaren 2an egitea aurreikusten dute herri galdeketa.Sinadura bilketa ere abiaraziko dutela azaldu du Bengoetxeak, eta ahalik eta jendetsuena izatea «beharrezkoa» dela azaldu du: «19 autobus bete joan ginen giza katea egitera. Horietan joandako lagunak baino sinadura gehiago batu beharko genituzke, eta lortuko dugula uste dugu, gainera».
Bengoetxeak azaldutakoaren arabera, «bidai honetarako beharrezkoa dugu elkarlana». Izan ere, galdeketara iristeko prozesuan «harreman asko» egin beharko direla esan du Zenarruzabaitiak: «Berba asko egin beharko da, batzar ugari egin beharko dira, erabaki asko hartu beharko dira… galdeketa baten inguruan argitu beharreko gauza asko daudelako. Prozesuak berak argitu beharreko gauza horiek argitzen lagunduko du; horregaitik, oso garrantzitsua da prozesua».
Domekako agerraldian parte hartu zuten 150 lagunen artean aurpegi ezagun ugari egon ziren. Besteren artean, Edorta Jimenez idazleak, Jabi Elortegi zinema zuzendariak, Julen Urdaibai kirolariak, Juan Karlos Latxaga kazetariak, Pedro Laspiur margolariak eta Julen Kaltzada ezker abertzaleko militante historikoak parte hartu zuten. Era berean, herriko alderdi, sindikatu eta elkarteetako ordezkariek ere babesa eman diote prozesuari.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.