Pello Bilbao, aurreko astean Euskal Herriko Itzulian. Argazkia: Caja Rural.
17. amaitu du Euskal Herriko Itzulia Caja Ruraleko txirrindulariak. Hain zuzen ere, bere taldeko lehena izan da sailkapen orokorrean, eta Mikel Landa arabarraren atzetik, bigarren euskalduna izan da.
Erakutsitako mailagaz pozik eta egindako lanagaz gustura dago gernikarra: “Aste ederra izan da, bizikleta gainean pila bat gozatu dut, eta horrek lagundu dit lortu dudan errendimendua ematen. Itzuli berezia izan da niretzat, motibazio itzelagaz ekin nion, eta ideiak argi nituela”.
Alberto Contador Itzuliko irabazlearengandik lau minutu eta 33 segundora amaitu du lasterketa gernikarrak. Eibarren lehiatutako zapatuko azken etapan (bakarkako erlojupekoa izan zen) hamargarren sailkatu zen, Contadorrengandik minutu bat eta 26 segundora.
Aste osoan zehar lan bikaina egin zuen Bilbaok. Esaterako, zortzigarren amaitu zuen eguazteneko etapa; lehen euskalduna izan zen, eta baita Caja Rural taldeko lehena ere. Halaber, martitzenean Markina-Xemeinen hasi eta Amurrion (Araba) amaitu zen etapan, hamahirugarren postuan sailkatu zen, Mikel Landa irabazlearengandik hemeretzi segundora.
Erregulartasun handia erakutsi du gernikarrak, eta horrek hemendik aurrerako lasterketetarako “konfiantza” eman diola adierazi du. Halaber, taldekideen laguntza eskertu du: “Fisikoki maila onenean nengoena izan naiz, eta etxekoa izanik ibilbidea ondo ezagutzen nuen. Astean zehar bizitako egoera zailenetan taldekideen laguntza izan dut eta hori eskertzekoa da”.
Itzulia hasi aurretik, lehen eta hirugarren etapak zituen begiz jota. Bere ezaugarrien arabera, emaitza onak lortzeko “egokienak” zirela azaldu du. Gainera, Etxebarrian hasi eta Markina-Xemeinen amaitu zen etapako ibilbidea oso ondo ezagutzen zuen, entrenamendu asko egin baititu bertan.
Hala ere, Markina-Xemeingo lehen etapan gauzak espero moduan ez zitzaizkiola atera zehaztu du, eta Lesakan ere, zortzigarren amaitu arren, espero zuena baino emaitza “eskasagoa” lortu zuela dio. “Eibarko erlojupekoan, ostera, ez nuen espero hamargarren sailkatzea, eta beraz, emaitza horrek asko balio du”.
Deskantzatzeko eta indarrak hartzeko ia astirik barik, asteburu honetan Gaztela eta Leongo Itzulian parte hartuko du Bilbaok. Halaber, bi aste barru Turkiara bidaiatuko du
Presidential Cycling Tour of Turkey lasterketa lehiatzeko.
Zortzigarren Udaberri Sarian
Bestalde, atzo Zornotzako Udaberri Sarian zortzigarren helmugaratu zen Caja Ruraleko txirrindulari gernikarra. Giovanni Visconti Movistar Team-eko txirrindulari italiarrak irabazi zuen proba, eta Bilbao harengandik minutu bat eta 33 segundora heldu zen helmugara, 26 txirrindulariko taldean.
Aste guztiko lanaren ostean, “freskotasun falta” igarri zuen atzokoan Bilbaok. Zenbait unetan espero baino indar gutxiagogaz aritu zela dio, baina, hala ere, sprintean zortzigarren postu hori lortzeagaz pozik dagoela azaldu du.
Viscontik 3 ordu, 56 minutu eta 44 segundoan egin zuen 171, 5 kilometroko ibilbidea. Haregaz batera, helmugaratu ziren Gorka Izagirre Viscontiren taldekidea, eta Sergio Pardilla Caja Ruraleko txirrindulari espainiarra.
Ibilbidean zehar, besteak beste, Muxikako Ibarruri, Zugastieta eta Ajuria auzotik pasatu ziren txirrindulariak, eta urtero legez zalez bete ziren errepide bazterrak. Esaterako, Montecalvoko mendatean jendetza batu zen.
Udaberri Sariko txirrindulariak atzo, Muxikako Ibarruri auzotik pasatzen.