Goñi helmugan. Argazkia: Ereñoko Gerandape Kirol Kluba.
Urdaibai Kopako bigarren proba lehiatu zuten atzo, eta Ibarrurin egin zuten lehen proban bezala, Frutos eta Goñi izan ziren irabazleak.
Goñi natxituarrak ordu bete, 45 minutu eta 11 segundotan burutu zuen 19 kilometroko ibilbidea. Frutos artziniegatarrak, berriz, bi ordu, hamahiru minutu eta 27 segundoko denboran amaitu zuen.
Gizonezkoetan, Ibarrurin moduan, Joanes Goitisolok eta Aitor Uriartek osatu zuten podiuma. Goitisolo Goñirengandik minutu bat eta 24 segundora heldu zen helmugara. Uriarte, ordu bete, 54 minutu eta 42 segundoko denboragaz sailkatu zen hirugarren.
Frutos helmugan. Argazkia: Ereñoko Gerandape Kirol Kluba.
Emakumezkoetan, Amagoia Legarra eta Agurtza Argiarro izan ziren bigarrena eta hirugarrena, hurrenez hurren. Legarrak Frutosek baino bost minutu eta 26 segundo gehiago behar izan zituen ibilbidea egiteko. Argiarro, berriz, bi ordu, 25 minutu eta 43 segundotan sartu zen helmugan.
Ia 700 partehartzaile
Urdaibai kopako bigarren proba lehiatzeagaz batera, mendi martxa luzea eta mendi martxa laburra egin zituzten, eta guztira ia 700 partehartzaile batu ziren Ereñon.
Martxarako zein lasterketarako giro aparta egon zela nabarmendu dute antolatzaileek: “Eguraldia lagun izan dugu eta giro oso polita sortu zen”.
Argazkia: Ereñoko Gerandape Kirol Kluba.
Ereño inguruko baso, bidezidor eta tontorretan barrena ibilaldi ederra burutu zuten guztiek. “Giro ederra, bai eguraldiari dagokionez, zein martxalari eta korrikolariek sortutakoa. Ibilbidea lokaztua egon arren, txoko ederretatik igaro gara”.
Argazkia: Ereñoko Gerandape Kirol Kluba.