VRAC Quesos Entrepinares taldea nagusi izan zen hasierako minutuetatik, markagailuan aurretik jarriz. Baina, partidako zazpigarren minutuan markagailua berdintzea lortu zuten gernikarrek.
Basurdeek erasoan sortzen ari ziren arriskua ikusita, etxeko taldeak berehala erantzun zuen, bien arteko aldea handituz: 17-3.
Hala ere, talde gernikarrak puntuak pilatzeko ahaleginean segitu zuen, eta Jamie Verranen entsegua transformatzea lortu zuen Sebastian Joel Berterok. Ondorioz, zazpi puntuko aldeagaz jarri ziren: 17-10.
Argazkia: Anuar Gomez (Gernika R.T)
29. minutuan, Berterok beste kolpe bat tranformatuta, gernikarrek beste hiru puntu eskuratu zituzten: 17-13, eta emaitza horregaz heldu ziren atsedenaldira.
Bigarren zatiaren hasierako minutuak inflexio puntua izan ziren, partida zelan amaituko zenaren adierazle. Valladolideko (Gaztela eta Leon, Espainia) taldeak bi entsegu egin zituen lau minututan. Horri erantzun guran, gernikarrek erasora jo zuten, baina, etxeko taldeak arazorik barik geratu zituen basurdeen erasoko jokaldiak. Gainera, norgehiagokaren amaieran, beste entsegu bat lortu zuten etxekoek.
Hurrats garrantzitsua Euskal Ligako 1.mailara igotzeko
Bestalde, Gernika Rugby taldeko seniorrek garaipen garrantzitsua lortu zuten zapatu arratsaldean, Euskal Ligako 1.mailara igotzeko kanporaketen laugarren jardunaldian.
Arrasateko taldearen kontra, 17-26 nagusitu zen talde gernikarra.