Larrua lurraren kontra izena izango du, datorren domekan [apirilak 17], Markina-Xemeindik Gernika-Lumora egingo den 2016 Bidea egitasmoko 4. etapak. Herri batean zein bestean frontoiak eta pilotak izan duen garrantzia nabarmentzen dela argitu zuen, Bizkaiko tartearen aurkezpenean, Xabier Paya Donostia 2016ren kultur programaren zuzendariak. Guztira 25 kilometro izango dira, eta lau ekitaldi kultur berezi egingo dira bidean.
2016 Bidearen 3. etapa
Etaparen hasiera 09:00etan izango da Markina-Xemeingo Kareaga industrigunetik, eta Ziortza-Bolibar, Munitibar, Mendata, eta Arratzutik igaroko dira ibiltariak Gernika-Lumora ailegatzeko.
Rober Garay artistaren eskutik Land Art ibilbidea ezagutzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Ziortza-Bolibarko plazan izango da Rober Garayren lehen esku-hartzea; Land art-en landuko den kontzeptu orokorra azalduko du. Munitibarko plazan izango da bigarren geldialdia, eta bertan artea paisaiaren interpretazioaren arabera azalduko du, eta azkenik, Arratzuko Elexalde auzoan egingo den hirugarren geldialdian Land art obraren sorkuntza erakutsiko du.
Behin Gernika-Lumora ailegatuta burutuko da azken ekitaldia. Gernikako Jaia Alai frontoira joan eta zesta-punta erakustaldia eta tailer bat edukiko dituzte parte hartzaileek.
Etapa guztietan modura, autobusak egongo dira Donostiatik, baina Busturialdeko eta Lea-Artibaiko herrietatik igaroko den bat ere egongo da, bertako herritarrak batu eta etaparen hasierara eramateko. Autobusak 08:30ean irtengo du Markina-Xemeindik.
2016 Bidea
Donostia Europako Kultur Hiriburuaren 2016 bidea proiektua, gidatutako 32 mendi-etapaz eta 100 ekintza kultural baino gehiagoz osatutako ibilbidea, atzo [apirilak 10] heldu zen Bizkaira. Guztira bost etapa egingo dira Bizkaian, apirilaren 10etik maiatzaren 8ra bitartean. Helburua ingurua ezagutzea izango da; inguru horretan dauden baliabide kultural eta natural denak ezagutzea, baina kulturaren bitartez, eta horretarako ibilbide bakoitzak kultur programa bat izango du.
Bizkaian egingo diren etapak hauek izango dira:
- 3. etapa: apirilak 10: Deba-Markina-Xemein. Soinu-banda naturalak
- 4. etapa: apirilak 17: Markina-Xemein-Gernika-Lumo.
Larrua lurraren kontra
- 5. etapa: apirilak 24: Gernika-Lumo-Durango. Bizitzaren Zirkua
- 6. etapa: maiatzak 1: Durango-Otxandio. Urkiola gaineko pagoaren ondoan
- 7. etapa: maiatzak 8: Otxandio-Legutio. Birziklatze-erritmoan.
Etapetan parte hartzeko bi modu daude. Alde batetik,
2016bidea.dss2016.eu webgunean sartu eta izena eman daiteke ibilbideko taldean parte hartzeko. Izena emateak autobusaz gain, mendian ibiltzeko asegurua ere barne duela zehaztu dute.
Bestalde, izena ematen ez dutenek ere parte hartu dezakete proiektuan, ekintza kulturalak egingo dira eta etapa guztien hasieran, erdian eta amaieran, eta herritar denak parte hartu dezakete horietan guztietan.