Gerrialdeko lesio baten ondorioz, txirrindularitza profesionala uztea erabaki du Haritz Orbe Urrutiak (Gernika-Lumo, 1991). Orain aurten amaituko dituen ingeniaritza ikasketekin dabil burubelarri.
Zergatik erabaki duzu txirrindularitza profesionala uztea?
Iazko urtarrilean istripua izan nuen Gernika-Lumon, auto bat jota. Hilabeteren buruan ebakuntza egin, eta hezur bat kendu zidaten eskumuturretik. Apirilean hasi nintzen berriro lasterketetan, baina hiru eginda maiatzean utzi egin behar izan nuen, lepoko minaren eraginez. Iaz hainbat lekutara jo nuen mina nondik zetorren eta zelan osatu nintekeen jakiteko. Azkenean esan zidaten gerrialdeko sakroan fisura bat nuela, eta denborarekin osatuko dela; hala ere, oraindik berdin jarraitzen dut. Hobekuntzarik ez nuela nabaritzen ikusita erabaki nuen txirrindularitza profesionala uztea.
Hainbeste urteren ostean, faltan botatzen al duzu lehia?
Orain astirik ere ez dut bizikletan ibiltzeko, goizetik gauera unibertsitatean nagoelako. Baina, segitzen dut bizikleta hartu eta ibilaldiak egiten. Dena den, ez dut askorik irauten bizikleta gainean, minagatik. Iaz azken lasterketetara joan nintzen taldea osatzearren, baina arduraduenei esan nien ezin nuela horrela jarraitu.
Osatuz gero pentsatu al duzu berriro hastea?
Behin erabakia hartuta ez dago atzera bueltarik. Aurten bukatuko ditut Ingeniaritza ikasketak, eta egun osoa ematen dut unibertsitatean. Aurten proiektua aurkeztu behar dut, eta udan bukatuko dut karrera. Jendeak esaten dit horrenbeste urte eta gero, txirrindularitza uztean duzunean txarto pasatzen duzula, baina nik denei esaten diet momentu honetan ez dudala astirik horretan pentsatzeko. Egia da barrutik txarto sentitzen zarela, zure ametsa izan delako eta txikitatik horretarako zaindu zarelako.
Zaintzea aipatu duzu. Kirolari profesionalek diziplina zorrotza izaten duzue.
Bai, hamazazpi urte nituenean Espainiako selekzioan sartu, eta ordutik entrenamenduak zehazten zizkidaten, oso artez dena. Horretarako egin dut lan gaztetatik, eta horrela utzi beharrak pena ematen du. Hala ere, etapa berrira zenbat eta arinago egokitu nik uste hobe dela. Gainera, orain denborarik ere ez dut pentsatzeko edota txarto pasatzeko; gauzak datozen moduan hartu eta aurrera egin behar da.
Zelan gogoratzen dituzu zure hastapenak?
Kadeteetan lasterketa pila bat irabazten nituen, eta baita gazte mailan ere. Txirrindulari ona nentorrela zioten, etorkizuna nuela, baina hor geratu naiz.
Txirrindularitza ibilbidean hainbat taldetan aritu zara.
Gazte mailan Ugaoko taldean ibili nintzen, lagun bat han zegoelako. Profesionala zen Josean Garrido zegoen bertan, eta hari esker pasatu nintzen gero Bidelan Gipuzkoako taldera, afizionatuetan. Ugaon nengoela Espainiako selekzioan hasi nintzen, hamazazpi urtegaz. Gero, Paris-Roubaix lasterketa ospetsua korritu nuen, eta baita Munduko eta Europako txapelketak ere. Afizionatuetako bigarren urtean Tour del Porvenirrera joan nintzen, 23 urtez azpikoen Frantziako lasterketa ezagunera. Lasterketa horretan beste hiru urtetan ere parte hartu nuen. Aipatu taldeetan ez ezik, Orbean eta Euskadi Fundazioan ere aritu izan naiz, eta azken pedalkadak Murias taldean eman ditut.
Arantzarik geratu al zaizu?
Euskal Herriko Itzulia, Espainiako Vuelta, edo Frantziako Tourra lehiatzeko gogoa nuen. Hurrengo pausoa nire buruan hori zen, eta pena hori geratu zait.
Aurten ikasketak amaituko dituzu. Zaila izan al da kirola eta ikasketak uztartzea?
Lehenengo hiru urteetan txirrindularitza eta unibertsitateko ikasketak uztartu nituen, eta oso ordutegi zorrotza behar da. Ordu asko entrenatu, eta etxetik kanpo denbora asko pasatzen duzu, unibertsitatera ere asko huts egin behar duzu. Gero, profesionaletara pasatzean bizikletari eman nion lehentasuna.
“Euskal Herriko Itzulia, Vuelta eta Tourra lehiatzeko gogoa nuen”
Bizikletak denbora asko kendu bai, baina, eman ere asko egingo zizun, ezta?
Aberasgarria izan da zentzu askotan, bai. Aberasgarria da beste herrialde batzuk zein txirrindulariak ezagutzea. Gogoan dut orain dela urte eta erdi Txinan egin genuen hilabeteko egonaldia. Adibidez, iparraldean, Mongoliagaz muga egiten duen lekuan ibili ginen, eta hori itzela izan zen. Askok uste dute gaztetasun dena galtzen duzula, baina nik ez nuen horrela ikusten, eta orain ere ez dut horrela pentsatzen. Esperientzia asko bizitzeko eta mundua ezagutzeko aukera ematen dizu.
Tropelean lagunak egiteko ere balio izan dizu.
Jende askori erreparatzen diozu pelotoian zoazenean. Pelotoiaren barruan eredu direnak ikusten dituzu eta asko ikasten duzu haiengandik. Adibidez, Amets Txurruka bera nolako pertsona sinplea eta jatorra den. Edota Pablo Lastras Movistarrekoa, orain dela gutxi erretiroa hartu duena istripu baten ondorioz. Gazteei aholkuak ematen zizkigun pelotoian. Profesionaletara salto egiten duzunean Tourrean etapak irabazitako esperientzia handiko txirrindulari batek aholkuak ematea asko eskertzen da.
Kirol denetan legez, diziplina mantentzea ezinbestekoa da.
Bizikletan erorikoak eta dira txarrenak, eta gorputza asko-asko zaindu behar duzu lasterketak irabazteko, eta hori oso gogorra da. Azkenean, gaur egun oso gauza gutxik markatzen dute diferentzia; Karrerak sprint bategatik erabakitzen dira sarritan. Askotan gorputza oso zainduta dagoenean, eta muturrera eramanda dagoenean, segituan hartzen dituzu katarroak eta antzekoak. Askotan esaten da txirrindulari profesional baten gorputza gaixo baten gorputza dela.
Dopin kontrol zorrotzak ere pasatu behar izaten dituzue.
Martxoan jaso nuen dopin programatik kenduko nindutela zioen mezua. Ordurarte mezuak bidaltzen zizkidaten, federazioan fitxarik izan ez arren. Gaur egun Adams programa erabiltzen dute World Tourrean. Egunero jarri behar duzu ordutegi bat, eta non egongo zaren. Ez bazaude, huts bat ipintzen dizute eta hiru hutsegiterekin positibo bat apuntatzen dizute. Txirrindularitzan egiten diren kontrolen portzentaiak ez du zerikusirik beste kiroletakoekin. Positibo portzentaiak alderatuz gero, askoz txikiagoak dira beste kiroletan baino. Txirrindularitzak historia txarra izan du gai honetan eta UCI-k diru asko inbertitu du kontroletan. Beste kirol batzuetan ez da hori gertatzen.
Iaz komunikabideetan agertu zinen unibertsitatean egin zizuten kontrol bategatik.
06:00etatik 07:00etara nuen kontrola egiteko hitzordua, etxean. 11:30ak aldera ezkutuko zenbaki batetik deitu zidatenez, hasieran lagunen broma bat zela pentsatu nuen. Esan nien unibertsitatean nengoela, eta ordu betean bertaratuko zirela esan zidaten. Orduz kanpo ere lokalizatuta egon behar zara, zure ordutegitik kanpo deituta ere non zauden esan behar diezu, eta eskubidea dute kontrola orduz kanpo egiteko.
Txirrindularitzan hasi berri direnei zer esango zenieke?
Ikasketak eta txirrindularitza uztartzeak bizitzan oso pertsona arteza egiten zaitu. Gaur egun guraso askok uste dute txirrindularitzak ospe txarra duela, eta istripu asko daudela errepideetan. Beldurra dute seme-alabak txirrindularitzan hasteko. Nagusiagoak direnean haiek erabakiko dute hain kirol gogorra egin gura duten edo ez.