Unai Belaustegi eta Joseba Agierreazkuenaga, Memoriaren memoria eza Nazioarteko Mintegian egindako hitzaldian. Ander Zarraga
Busturiko Joseba Agirreazkuenaga EHUko Historia katedradunak
Memoria Historikoaren lehen Nazioarteko Mintegian parte hartu zuen atzo, eta Unai Belaustegirekin batera burutu duen
Memoriaren Ibilbideak txostenari buruz aritu zen. 36ko Gerran egon ziren toki garrantzitsu ezberdinak zehazten ditu ibilbideak, gaur egun dauden memoriarako 75 erakunderen berri eman eta gerrako ezezagunak diren beste atal batzuk plazaratu. HITZA berarekin izan da lan horri buruz jakiteko.
Memoria Historikoari buruzko txosten bat aurkeztu duzue gaurkoan Unai Belaustegik eta zuk. Zertan datza ikerketa horrek?
Gaur egungo azterketa bat da. Memoria Historikoari buruz dauden 75 elkarte baino gehiagoren tokian tokiko zerrendarekin hasten da txostena. Horrek adierazten du badagoela kezka bat, ez bakarrik iraganari buruz, baizik eta gaur egun iraganari buruz esaten denari buruzko ardura ere dagoela. Ondorioz, elkarte horiek badira oroimen lekuak ere. Txostenak gerrako ikuspegi ezberdinak aztertzen ditu: Eusko Jaurlaritzak izan zituen egiturak, borrokak egon ziren eta egon ez ziren toki bereziak, bonbardaketak… Oso epe laburrean gertatu ziren 1.000 bonbardaketa baino gehiago bildu ditugu. Era berean, espetxeen berri ere ematen dugu; bai alde batekoen zein bestekoen menpe zeuden espetxeena. Azkenik, gerra ostean gure lurraldean lan behartuak egitekotokiak zeintzuk izan ziren ere bildu ditugu.
Zertan datza lantzen ari zareten bigarren txostenak?
Bigarren txosten honetan bereziki erbesteratzea landu dugu; hau da, errefuxiatuak nora joan ziren aztertzen ari gara ikerketa horretan. Horiek ere oroimen lekuak bihurtu dira azken finean. Frantzian, Erresuma Batuan eta Amerikako Estatu Batuetan hartu zituzten errefuxiatuen ingurukoa izango da. Horrekin erreferentzia komun bat sortu nahi izan dugu, mapa bat. Horretan, modu argi eta dokumentatu batean zehazruko ditugu 36ko Gerrako oroimen lekuak zein izan beharko liratekeen.
Nola sortu zen txosten horiek egiteko asmoa edo beharrizana?
Eusko Jaurlaritzak agindutako txostena hori 2014 urtean Eusko Legebiltzarrean egin zuteen eskari baten ondorioz sortu zen. 36ko Gerran Euskal Herriko borroka lekuak biltzeaz gain, bestelako toki bereziak ere bildu ditugu, oroimenaren azterketa dokumentatu bat egiteko asmoarekin.
Askotan esan ohi da, erakunde publikoen aldetik ez dagoela memoria historikoa gogoratzeko grinarik. Txosten horren enkarguak gauzak aldatzen ari direla adierazten du?
Azkenen lau urteetan, behintzat, Eusko Legebiltzarreko talde gehienen ekimenez ari dira lanean. Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzako Jonan Fernandezen eta Monika Hernandoren zuzendaritzapean egiten ari dira oroimenaren inguruan kontzientzia pizten. Lan talde horretatik hainbat lan eta txosten atera dira. Gaurko hau horietako bat da, eta beste batzuk ere lantzen ari dira. Eusko Jaurlaritzak jarri du martxan programa hori, baina Eusko Legebiltzarrak eta hori osatzen duten taldeek horrela erabaki dutelako.
Txostenean aipatutako elkarte horiek egiten duten presioak, beraz, erakunde publikoengan eragina izan al du?
Guk tokian tokiko erakundeen ikusgarritasuna erakutsi dugu. Eta botere publikoei dagokienez ere ikus daiteke sentsibilitatea edo oroimena lantzeko grina badagoela; inpunitatetik erreparazioa ekarriko duen memoria eredu batera abiatzeko asmoa dagoela, alegia.
Nazioarteko mintegiaren testuinguruan, nola baloratzen dituzu mota honetako ekimenak?
Nazioarteko ekimen hauek garrantzitsuak dira arrazoi bategatik: ez pentsatzeko hau gure arazoa baino ez dela. Ez dugu ahaztu behar gure kasua berezia dela, Bigarren Mundu Gerraren ostean Europako hainbat herrialdeetan faxismoa garaitua izan zen, baina hemen ez zen horrelakorik gertatu, eta horrek markatzen du gure berezitasuna besteekiko.
Zure ikuspuntutik, zergatik da garrantzitsua Memoria Historikoa bizirik mantentzea?
Pertsona modura herentzia bat jasotzen dugu, eta gu gara neurri batean iragana eta etorkizuna. Une honetan bizi duguna ez da bakarrik gaurkoa, ohartuta edo oharkabe, iraganaren ondorio bat gara, eta iraganak bere pisua du; gure zati bat da.