Euskal hitzak argazkietan jasota
Euskal alfabetoak dituen hizki bakoitzeko hitz bat aukeratuko dute, eta hitz bakoitzari argazkia jarriko diote ‘#27hizki27argazki’ proiektuan.
Inspirazioa kontuan hartuko dugu berba aukeratzeko orduanAukeraketa egingo dute Ekarpenak egiteko epea amaituta, horiek aukeratzeko tarteari ekingo diote; izan ere, hizki bakoitzeko berba ugari proposatu daitezke. Proiektuaren parte izango den berba aukeratzerako orduan, bi irizpide izango dituzte kontuan. Lehenengoa, #gaurkohitzaren beharrizana, eta bigarrena, Martinezen inspirazioa. Bermeotarra baita berba bakoitzerako argazki interpretazio bat egiteaz arduratuko dena. Ondoren, horiekin #gaurkohitza elikatuko du Goñik. Goñiren eukaljakintza.com blogaren baitako atal bat da, hain zuzen, #gaurkohitza. Martinezek azaldu modura, «berba guztiak ez dira berdinak, eta ni ez naiz argazkilari profesionala, zaletua baizik. Horregatik, nire inspirazioa kontuan hartuko dugu berba aukeratzerako orduan». Oraindik ez dute zehaztu zenbatero jarriko dituzten hizki bakoitzari dagokizkion berba eta argazkia, baina bi asterik behin izan litekeela dio Martinezek. Modu horretan, proiektuak ia urtebete iraungo luke. Hala ere, asterokoa ere izan daitekeela azaldu du, «sei hilabetean amaitzekoa, baina ikusiko dugu». Inspirazioaz galdetuta, zenbait berbari argazkia jartzea zaila izan daitekeela dio bermeotarrak: «Zailak izango diren zenbait hitz bidali dizkigute jada. Lekeitioko, Iparraldeko edota ezagutzen ez ditudan Eibarko zenbait berba dauzkagu zerrendan. Horien esanahia ezagutzeko Eibarko hiztegia eman didate, eta aztertu beharko ditut berba horiek. Hala ere, egongo dira errazak izango direnak ere. Espero dut norbaitek, A hizkiagaz hasteko argazkilaritza hitza proposatzea, buruan daukat-eta berba horretarako ideia». Inspirazioa Interneten zein kalean aurkitzen du Martinezek: «Argazkilaritza momentu zehatz batean, leku zehatz batean egotea da. Beraz, hortik etorriko da inspirazioa». Materiala publikoa Hitzak ez dira zertan euskara batuaz izan behar; proiektuak, herriko euskara sustatzeko aukera ere ematen baitu. Dioenez, Bermeoko herri hizkerako zenbait proposamen jaso dituzte: Itsosupetekue bat aipatzekotan. «Hala ere, #gaurkohitza-k batua erabiltzen du. Orduan, mota horretako hitzak aukeratzen baldin baditugu, batueraz jasoko genituzke, betiere, jatorrizko hitzaren aipamenagaz», azaldu du bermeotarrak.
Proiektuak asko ikasteko aukera emango diguGerta liteke, bestalde, proposatutako hitzak ez ezagutzea: «Neska batek bidali dizkigun 27 hitzetatik 15 ez ditut ezagutzen. Baina ez dago arazorik. Sare sozialen bidez beraiekin harremanetan jartzen gara. Kasu horretan, Eibarkoak ziren berba guztiak, eta Eibarko Udalak baditu bere herri hizkera jasota. Beraien webgunean bilatzaile bat daukate, eta handik aurkitu ditut». Beraz, proiektuak «asko ikasteko» aukera ere emango diela azaldu du Martinezek. Euskara ikasleentzako ere «interesgarria» izan daitekeela uste du: «Gauza erakargarriak eta politak atera daitezkeelako. Ea zelan ateratzen den». Proiektuaren berri blogaren bitartez zein instragam eta twiter sare sozialen bidez emango dute, #27hizki27argazki traolagaz. Interneteko edukiei lizentziak jartzea «interesgarria» dela dio, eta Copyleft-ean sinisten dutela. Horregatik, Creative Commons BY-SA erabiliko dute; hau da, material guztia publikoa izango da, edozeinek deskargatzeko modukoa, betiere, iturria aipatzen bada. Interneten ezagutu Internet bitartez euskara sustatzeko lana egiten du Goñik. Martinezek, bestalde, sare sozialak ditu gustuko, eta Interneten euskara hedatzen saiatzen da; haren ustez, «oinarrizkoa» baita. Martizenezen arabera, «euskarak gero eta esparru zabalagoa du Interneten. Are gehiago, euskara da Interneten gehien erabiltzen den hizkuntzetako bat; lehenengo hogeita hamarren artean dago». Modu horretan, euskara sustatzen jarraitzeko asmoz, euren beharrak eta gustuak batu dituzte proiekturako: Martinezi argazkilaritza gustatzen zaio eta hitzak behar ditu, eta Goñik, berriz, argazkiak behar ditu eta euskara atsegin du. «Azken finean, biak gura dugu Internet bitartez euskal kultura sustatu», dio Martizenek. Biak, gainera, Internet bitartez ezagutu ziren. Hain zuzen ere, EGUNKARIA auziaren alde Internet bitartez egindako ekimen batean.