Bost ordu eta erdi iraun ditu Txomin Arana pilotu ereñarrari egin dioten ebakuntzak. T7 ornoa hautsita eta T6 eta T8ak zapalduta izateaz gain, hiru saihets apurtuta dituela jakin dute gaur goizean.
Ebakuntzak espero baino gehiago iraun du, ornoak zuzendu ez ezik, mugitu ere egin behar izan dituztelako. Hala ere, ebakuntza ondo joan dela adierazi dute medikuek, eta mugikortasun arazorik ez duela.
Atzo izan zuen erorikoa Txomin Arana pilotu ereñarrak, Abu Dhabi Desert Challenge-ko azken etapan. Azken kilometroak falta zituela izan zuen ezbeharra, eta helikopteroan eraman behar izan zuten ospitalera. Atzetik zuen Laia Sanz, eta Kataluniako pilotuak ere lasterketa eten zuen, Txomin Aranari laguntza emateko. 56 minutu eman zituen Aranarekin, helikopteroa heldu bitartean. Gernika Off Road taldeak eskerrak eman dizkio Laia Sanzi, laguntza emateagatik.
Ebakuntzaren osteko erekuperazioa ondo joanez gero, 8-10 eguneko epean bueltatuko da Arana etxera.