Barikuetan egiten dute Pintxopotea bermeotarrek, eta gaurkoa berezia izango da. Hain zuzen, pintxoari eta poteari bertsoa gehituko diote gaur iluntzean. 20:00etan hasita, kalerik kale eta tabernarik taberna bertsoak kantatzen ibiliko dira lau bertoslari, gai jartzaile baten laguntzarekin.
Alde Zaharra Bizirik Elkarteak antolatu du gaur iluntzean egingo duten bertsopintxopoteoa ekimena. Jakinarazi dutenez, pintxopotean parte hartzen duten tabernetatik ibiliko dira bertso kantuan.
Aitor Beitia bertsolari bermeotarra; Mikel Goiriena mungiarra; Gamiz Fikako Jone Larrinaga eta Aitor Esteban urduliztarra izango dira pintxopoteari doinua jartzearen arduradunak, hain zuzen ere.
Beitia, Goiriena, Larrinaga eta Estebanen bertsoak gidatzeko, gai jartzaile bat ere ariko da beraiekin. Lan hori Asier Legarreta meñakarrak egingo duela jakinarazi dute.