Teknologia berrien erabilera egokiaz ariko dira gurasoekin
Bermeoko Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuko Gizarte Heziketarako Esku-Hartze Taldeak (GHET) informazio eta komunikazioaren teknologien erabilera egokiaren inguruko programa eskainiko du. Apirilaren 12an, 19an eta 26an eta maiatzaren 3an garatuko da gurasoei zuzenduta dagoen aipatu programa.
Bi orduko saioak direla azaldu dute, 17:30eatik 19:30era, eta Gizarte eta Kultura Etxean batuko dira horretarako. Programaren helburua, gurasoei teknologia erabilera desegokiaren ondorioz ager daitezkeen arriskuen berri ematea da, eta horiek ahalik-eta arinen nola murriztu daitezkeen jakinaraztea, «adingabeen ongizatea bermatzeko».
Benito Ibarrolaza Bermeoko Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuko presidenteak adierazitakoaren arabera, «teknologia berrien erabileran jokatzen duten paper aktiboa jakinarazi gura zaie gurasoei; bai euren seme-alaben nortasun digitala garatzerakoan, bai eta teknologiak era egokian erabiltzeko orduan ere».
Arrisku ugari
Ibarrolazak aipatu duenez, «gaur egun adingabeek teknologia berrien erabilera oso barneratuta daukate, eurentzat sarea sozializazio esparru bat da eta sarritan ez dira kontziente izaten horietan agertu ahal diren arriskuez». Horregatik, haren ustez, «garrantzitsua» da gurasoei baliabideak eskaintzea sor daitezkeen egoerei aurre egiten ikasteko.
Gizarte Heziketarako Esku-Hartze Taldekoek, bestalde, ziberbuillyng-a «gero eta gehiago» agertzen ari dela diote: «Lehen eskolan jasaten ziren erasoak, bai berbalak bai fisikoak, egun Interneten, sare sozialen bidez, edota sakelako telefonoaren bidez edozein momentuetan irainak eta mehatxuak jasan daitezke». Ziberbuillyng-az gain, beste mota bateko arriskuak ere aurkitu daitezkeela diote: grooming, sexting, identitate-lapurreta, irudien erabilera desegokia, mendekotasunak…
Kontuan hartzekoa da, horien arabera, «teknologia berriek egunerokotasunean lortu duten esparrua». Eta horien erabilera murriztea «gero eta zailagoa» dela aipatu dute; «sarritan gurasoak eredu bihurtzen direlako, eta adingabeek sarri ikusten dituzte gurasoak horiek erabiltzen».
Urtean zehar esku-hartze mota ezberdinak martxan jartzen ditu GHET-k. Bakarkako, taldekako eta lan komunitarioak egiten dituzte, eta guraso eskola hau lan komunitario horen baitan kokatzen da.
Parte hartu gura duten gurasoek ez dute zertan aurretiaz izena eman beharrik; nahikoa da adierazotako lekuan eta orduan agertzea.