Dispertsiarekin amaitzeko eskatuko dute gernikarrek zapatuan, Gernika-Lumoko Sarek antolatutako jaialdian.
Hurbildu gaittezen, hurbildu daiguzan izenburu du ekimenak, eta egun osoko egitaraua prestatu dute. Leloarekin bat eginda, herritarren inplikazioa bilatzea zen Sareren heburua, eta elkarlanetik sortutako ekimena izango da zapatukoa. Herriko tabernen eta musika taldeen inplikazioa eskertu du Sarek, erantzuna haien partetik “oso ona” izan delako. “Taberna zein musika taldeei proposamena egin genien, eta zein bere aldetik lan egin du antolaketa lanetan”, azaldu dute.
Goizean hasi eta goizalderaino, festa giroa izango da nagusi Gernika-Lumoko kaleetan. Presoen oinarrizko eskubideen urraketa eta zigorra etxetik gertu betetzeko ukazioa salatzeko jaio zen Sare, eta arazo hori gizarteratzeko lanean ari da. Hala, zapatuan ere, talde, eragile eta norbanako ezberdinen inplikazioa bilatu du.
Herri kirolen erakustaldia, bazkaria, bertso poteoa eta kontzertuak izango dira apirilaren 9an, Gernika-Lumon. Guztira, 10 musika taldek kontzertua emango dute herriko taberna desberdinetan (Lagun-Etxea, Arima, Hartza, Ospa, Arrano, Aterpe, Zeppelin, Irrintzi) eta Iparragirre Rock Elkartean. Goizaldean, 02:00etatik aurrera, DJ Txaparronek zarratuko du egitaraua, Zaplast tabernan eskainiko duen saioarekin.
EGITARAUA
Herri Kirolak: Arratzuko Piratek herri kirolen erakustaldia egingo dute Pablo Picasso kalean, 12:00etan hasita.
Bertso poteoa: Arkaitz Estiballes, Oihana Bartra, Etxahun Lekue eta Ibon Ajuria bertsolariekin, 13:00etatik aurrera.
Bazkaria: Astran egingo dute bazkaria 15:00etan.
Kontzertuak
- Urdaibai Folk. 18:30etan, Lagun-Etxea tabernan.
- Dientes de Luna. 19:10ean, Arima tabernan.
- Sei Zoro. 19:50ean, Hartza tabernan.
- Tooth. 20:30ean, Ospa tabernan.
- Versus. 21:10ean, Arrano tabernan.
- Primeros Auxilios. 21:50ean, Aterpe tabernan.
- Jaime Alvarello & Batiz (animal Blues). 22:30ean, Zeppelin tabernan.
- DJxe. Gauean, tarteka, Irrintzi tabernan.
- No Komply eta Leihotikan. 23:00etan, Iparragirre Rock Elkartean. Sarrerak 5 eurotan eskura daitezke.
- DJ Txaparron. 02:00etan, Zaplast tabernan