Gune desberdinak jarrita umeentzako erakustaldiak eta hainbat jarduera eskainiko dituzte Bermeon zein Gernika-Lumon Bizkaiko suhiltzaileek.
Gernika-Lumoko suhiltzaileak umeekin, suhiltzaileen egunean
11:00etan hasita, Bermeoko Lameran egongo dira domekan suhiltzaileak. Eta martitzenean 17:00etatik aurrera egongo dira Gernika-Lumon.
Gune ezberdinak jarrita, euren lana zein den erakusteko aukera izango dute modu didaktiko eta ikusgarri batean. Hala, besteren artean, auto istripu bat birsortuko dute eta biktimak nola ateratzen dituzten erakutsiko dute, umeen parte hartzea bultzatuta.
Horrez gain, Bizkaiko suhiltzaileen kamioia eta lanerako erabiltzen dituzten tresnak ezagutzeko aukera eskainiko dute. Umeek, gainera, euren hodi malguak erabiltzeko aukera izango dutela azaldu dute. Bestalde, zartaginak sua hartzen suenean zer egin behar den erakusteko tailer bat ere egingo dute, eta umeentzako puzgarriak ere jarriko dituzte.
Ekimen gehiago ere egongo dira Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileen eskutik: marrazkiak egiteko mahaiak jarriko dituzte eta
photocall bat ere jarriko dute, suhiltzaileen jantzi eta kaskoekin argazkiak atera ahal izateko.
Bizkaiko Foru Aldundiko Suhiltzaile Zerbitzua osatzen duten zortzi suhiltzaile parkeek 6.764 abisu erantzun zituzten 2015ean. Esku-hartzeen %67 salbamendu lanak egiteko izan zen, %22 suteak itzaltzeko eta %11, batez ere, isurien inguruko laguntza teknikoa emateko, eguraldi txarraren ondorioz ezarritako alertei aurre egiteko eta prebentziorako zaintza taldea osatzeko izan zen.