Gaurko etaparen azken kilometroetan izan du erorikoa ereñarrak, eta bizkarrean min hartu du. Ondorioz, Abu Dhabiko ospitalera batera eraman behar izan dute, helikopteroan. Minaz kexu zen pilotua ospitaleratu dutenean. Medikuen azken partearen arabera, T7 ornoa hautsi du Aranak, eta T6 eta T8 ornoak zapalduta ditu. Hezur muinean lesiorik ez du pilotuak eta ebakuntza bihar egingo diote, ingresatuta duten Abu Dhabiko ospitalean. Ondo joanez gero, 7-10 egunetan bueltatu ahal izango du etxera.

Gaur zuen ereñarrak Abu Dhabiko Challengean azken etapa, baina ezin izango du Munduko Rally Txapelketako lehen proba amaitu. Bikain hasi zuen Aranak Abu Dhabiko proba, lehen etapetan marka onak lortuz. Atzoko etapan arazoak izan zituen motorrarekin, eta hamargarren posturaino jaitsi zen sailkapen orokorrean. Gaurko erorikoa dela eta, Abu Dhabiri agur esan dio Ereñoko pilotuak.
Gaurkoa izan da pilotuek Abu Dhabin lehiatu behar zuten azken proba, 234 kilometroko etapa, eta Toby Price australiarra nagusitu da, 2.48.17ko denbora eginez. Abu Dhabiko garaikurra ere beretzat izango da, sailkapen orokorreko gorengo postura iritsita. 18.18.24ko marka orokorra du Pricek, eta bigarren sailkatuari 2.11ko tartea atera dio. Sam Dunderland britaniarrak lortu du sailkapen orokorrean bigarren postua, eta lehen egunetan lider izan den Pablo Quintanilla txiletarrak hirugarrena.