Domekan egingo dute Urdaibai Kopako bigarren proba Ereñon, eta momentuz 79 lagunek eman dute izena. Bestalde, mendi martxetan 454 pertsonak eman dute izena, horietatik 290 lagunek martxa luzea egingo dute, eta 164 pertsonak, berriz, martxa laburra egingo dute.
Egunean bertan ere izena emateko aukera egongo da; martxarako 14 euro ordaindu beharko dira, eta lasterketarako 17 euro.
Lasterketako eta martxa luzeko partaideak 09:30ean irtengo dira Ereñoko Arita Berri jatetxetik. Martxa laburrekoak, ostera, 10:00etan abiatuko dira Elexalde auzotik.
Lasterketako eta martxa luzeko ibilbideak 19 kilometro ditu. Hain zuzen ere, hau da ibilbidea: Arita-Berri, Arrupe, Mendibil, Anbeko Koba, Ereñoko Arizti, Geranda, Potoko Leizea, Mendi Txiki, Mendi Andiko, Galarregi, Bustarrigane, Gabika, Ibarrondo, Oma, Omako baso margotua, Kurtxiagana, Zabalotegi, Eleixu, Ereñozar, Taberna Zarre, eta Elexalde.
Martxa laburra, berriz, 11 kilometrokoa da. Partaideak Elexalde auzotik irten, eta Ereñoko ariztira joango dira. Ondoren, Geranda, Potoko leizea, Mendi Txiki, Gabika, Zabalotegi eta Eleixutik barrena ibiliko dira, eta hasitako leku berean amaituko dute ibilbidea.

Besteak beste, partaideak Omako baso margotutik pasatuko dira.
Hurrengo lasterketa maiatzean
Martxoaren 6an Ibarrurin (Muxika) lehiatu zuten Urdaibai Kopako lehen lasterketa, eta Zuriñe Frutos eta Imanol Goñi nagusitu ziren. Beraz, horiek dira sailkapeneko buru. Gizonezkoetan, Joanes Goitisolo da bigarrena, eta Aitor Uriarte hirugarrena. Emakumezkoetan, Irantzu Onaindia eta Leire Monasterio daude sailkapenean bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.
Bost lasterketak osatzen dute Urdaibai Kopa. Ereñokoaren ostean, hurrengoa maiatzaren 8an izango da, Gernika-Lumon. Gero, irailean egingo dituzte azkenengo biak. Gautegiz-Arteagakoa irailaren 11an izango da, eta Forukoa, ostera, irailaren 25ean.