Herbeheretarra da Bakearen Museoan bihar inauguratuko duten erakusketaren egilea: Jehanne Van Woerkom. Amsterdametik gertu bizi da, “hegazkinean hemendik bi ordura”, dio berak. Amorrua nabari zaio, eta ez da izkutuan duen sentimendua. “Espainian Frankismo garaian gertatutakoa izugarria da, eta ezer ez dakigu horri buruz. Nire etxetik hegazkina hartu eta bi ordura nago hemen, eta sekula ez dut Espainiar Estatuan gertatutakoaren berri izan”. Ez Espainian ezta Euskal Herrian gertatutakoari ere.
Bera da erakusketaren egilea, eta memoriaren berriemaile bilakatu da. “Garai hartan gertatu arren, gaurkotasuna duen gaia da. Arazoa gaur egungo da”, dio Van Woerkomek. Espainiar Estatuan, gutxi gorabehera, 115.000 lagun daude desagertuta oraindik, 36ko gerran erail zituztenak. 2000. urtean izan zuen historiaren pasarte ilun horren berri, Herbeheretako telebistan albistegia ikusten ari zela. “Zur eta lur geratu nintzen. Ez nekien ezer Francoren garaiari buruz; are gutxiago erregimenaren ondorioei buruz”, dio. Albiste gehiago entzun eta horrela jakin zuen Madrilgo plaza nagusian manifestazioak egiten dituztela. “Sol plazan, Argentinako Maiatza plazako amak bezala, bildu egiten dira, gaur egun desagerturik jarraitzen duten senitarte maitatuen argazkiak eskuan dituztela”. Argentinako “drama” ezagutzen zuela dio Van Woerkomek, “baina Espainiakoa ez”.
Familiekin biltzeko, hitz egiteko, haien istorioak entzuteko, erretratatzeko… aukera izan du; eta bildutako informazio grafikoa erakusketara eraman du. Argazkien ‘collage’ antzeko bat eginda, margolanaren itxura dute Bakearen Museoan eskegita dauden hamarnaka koadroek. Hobi komunak, hezurrak, gorpuzkiak, jendea, senitartekoen protestak, pertsonak… Eta pertsona horien espresioak dira erakusketaren alde gizatiarra agerian uzten dutenak. “Familien, senitartekoen indarra miresgarria da” –dio nederlandarrak–. “Espainia hobi komun erraldoia da”, esan dio norbaitek, “eta, lotsatuta, testigantzak entzun ditut, begiratu diet, galderak egin dizkiet”.
Lotsak eta amorruak bultzatuta, zerbait egin behar zuela sentitu zuen. Hala, erakusketarekin, tragedia horri aurpegia eman nahi izan dio. Bihar inauguratu eta irailaren 11 bitartean Bakearen Museoan ikusgai izango den memoria historikoari buruzko erakusketa horrekin, Frankoren diktaduraren biktimak eta haien familiak omendu nahi ditu Van Woerkomek. “Nire lana egia, justizia eta erreparazioa bilatzearena da; baita berriro gertatu behar ez denaren mezua zabaltzea ere”.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.