Faxistek Gernika bonbardatu zutela 79 urte beteko dira aurten. Urteurren horren harira, urtero egin legez, nazioarteko jardunaldiak antolatu ditu Gernika Gogoratuz Bakearen Aztertegiak. Jardunaldiek XXVI. edizioa izango dute aurten, eta feminismoari helduko diote oraingoan.
Iazko jardunaldiak
Hain zuzen,
Feminismoa gerran eta bakean. Presentzia ikusgaiak eta ikusgaitzak dute izenburu jardunaldiek, eta hori izango da jorratuko duten gaia. Apirilaren 11n eta 12an egingo dituzte, goiz eta arratsaldez. Hurrengo astelehenean –hilaren 11n– egingo dute jardunaldiak inauguratzeko ekitaldia. 09:00etatik 11:00etara izango da, Elai-Alai aretoan. jardunaldietan parte hartu gura dutenek izena emateko aukera izango dute bertan.
Ekitaldi horretan emango dituzte antolatzaileek jardunaldiei buruzko azalpenak, eta, hizlariak ez ezik, erakunde ezberdinetako ordezkariak ere izango dira aurkezpen ekitaldian: Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroño; Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako idazkari Jonan Fernandez; Maria Guijarro Bizkaiko Foru Aldundiaren Berdintasuna Sustatzeko zuzendari nagusia; Emakundeko zuzendari Miren izaskun Landaida; CEAR-Euskadiko zuzendari Patricia Barcena eta Gernika Gogoratuzeko zuzendari Maria Oianguren.
11:30ean hasiko dira jardunaldiekin, eta 14:00ak arte, emakumeek gerra eta gatazka armatuetan sortutako sareak eta aktibismo esperientziak aztertuko dituzte. Kolonbiako, Belgradoko eta Txileko emakumeak izango dira hilzariak.
Kolonbiako Emakumeen Bake Ibilbidearen Koordinatzailea den Marina Gallego; Belgradoko Beltzez Jantzitako Emakumeak mugimenduko kide Stasa Zajovic eta Arpillera erakusketen zaindaria den Roberta Bacic txiletarra izango dira beraien esperientziak azaltzen.
Tailerrak Astran
Elai-Alai aretoan hitzaldiak entzun ostean, arratsaldez tailerrak egingo dituzte Astran.
Astelehenean, 16:00etatik 18:00etara, Ikusezina dena erakustea. Rol maskulino eta femeninoak eraikitzea (I partea) izeneko tailerra egingo dute, ProCC (Prozesu Zuzentzaile komunitarioak) metodologian aditua den Andreas Schafter eta Gatazken Transformazio KreAktibo prozesuen bideratzailea den Alex Carrascosaren gidaritzapean.
Martitzen goizari ere tailer batekin emango diote hasiera jardunaldietako parte hartzaileek. Hala, Ikusezina dena erakustea. Rol maskulino eta femeninoak eraikitzea izeneko tailerraren bigarren parteari ekingo diote. Horretarako, Astran batuko dira, 09:00etatik 11:00etara.
Ordu erdiko atsedenaren ostean, mahai-ingurua egingo dute Elai-Alai aretoan. Fenimismoa gerran eta bakean izango da aztergaia, eta mahaiaren bueltan hiru emakume bilduko dira: EHUko irakasle eta Hegoako ikerlari Irantzu Mendia; Escola de Cultura de Pau, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan ikertzailea den Pamela Urrutia eta Euskadiko Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordeko kide eta psikologian lizentziatua den Itziar Caballero.
Amaiera ekitaldia
Nazioarteko jardunaldien amaiera ekitaldia apirilaren 12an izango da, 13:30etik 14:00etara. EHUko Zuzenbide Fakultateko irakaslea, Hegoa, Gernikatik Mundura eta Gernika Gogoratuz elkarteko kide Jokin Alberdik eta Gernika Gogoratuz, Bakearen aldeko Aztertegiko zuzendari Maria Oinagurenek zarratuko dute egitaraua.