Idurre Bideguren Bermeoko alkatea izan zen auzo alkate bakoitzari makila emateaz arduratu zena, domekan. Lau urtero aukeratzen dituzte auzo alkateak, udal korporazioa osatu eta gero.
Auzo alkateen izendapena egiteko ekitaldia. Argazkilaria: Bermeoko Udala
Almika auzoan egin zuten domeka goizean horien izendapen ekitaldia. Bermeoko eta auzoetako alkateez gain, udal korporazioak eta auzo alkate izateari utzi diotenek ere parte hartu zuten.
Auzotarrek emandako botoen bitartez aukeratzen dira auzo alkateak, eta honakoak izan dira kargua hartu dutenak: Asier Elgezabal Agarre auzokoa, Joseba Ugalde Almika auzokoa, Jon Ander Yerga Arane Gibelortzaga auzokoa, Gaizka Ruiz Artika auzokoa, Javier Bilbao Arronategi auzokoa, Eneritz Baraiazarra Demiku auzokoa, Ixone Aiestaran Mañu auzokoa, Juan Francisco Gutierrez San Andres auzokoa eta Patxi Erazukin San Miguel auzokoa.
Bermeoko alkateak ekitaldi horretan azaldu zuenez, auzo alkateak Bermeoko udalaren eta auzoen arteko zubia dira, eta euren auzoetako alkateak ordezkatzen dituzte, «auzotarren ahotsa» direla nabarmenduta.
Orain arte auzo alkate izandakoek egindako lana eskertu zuen eta ongi etorria eman zien berriei. Hala, ardura hori hartzea «bihotzez» eskertu die.